Azkoitiko pilotariek igandean ekingo diote XV. Berria Txapelketari

Maxixatzen.eus 2018ko api. 19a, 10:07
Txapelketaren aurkezpen ekitaldian bildu dira klubetako ordezkariak. / Uztarria.

Euskal Herriko hogei pilota elkarte onenek parte hartuko dute XV. Berria Txapelketan; tartean, Azkoitiko Oteiza elkarteak. Datorren igandean, apirilak 22, hasiko da txapelketa, eta ekainaren 23an izango dira finalak, Hernanin.

 

Igandean jokatuko dute Azkoitikoek Ortuellako (Bizkaia) Danok Lagunak elkartekoen aurka final hamaseirenetako kanporaketa, Hernaniko pilotalekuan.

Talde bakoitzak, kadete, jubenil eta nagusien mailako bikote bana aurkeztuko du txapelketara. Azkoitiko taldearen kasuan, kadeteetan Olaskoaga eta Astigarra ariko dira; jubeniletan, Oteiza eta Uranga; eta nagusietan, Juaristi eta Juaristi.

Maiatzaren 6an final zortzirenetako kanporaketa jokatuko dute, Azpeitiko Ilunpe taldearen aurka. Finalerdiak, berriz, ekainaren 17an izango dira Hernanin. Eta XV. Berria Txapelketaren finala ekainaren 23an izango da, leku berean.

Euskal Herriko hogei pilota elkarte onenek parte hartuko dute XV. Berria Txapelketan. Besteak beste, Gipuzkoak zortzi ordezkaritza izango ditu, Nafarroak bost, Bizkaiak lau, Arabak bi eta Iparraldeak bat. Bada, iaz estreinakoz egin bezala, aurten ere ez da fitxaketarik onartuko, eta kanporaketa guztietan klubek aurkeztuko dituzten pilotariek elkarteko lizentzia eduki beharko dute. Hala, antolatzaileen arabera, klubetako lanari emango dio saria txapelketak.


Sariak

Txapelketari dagokionez, kanporaketa sistema erabiliko da, eta bi partida irabazten dituen taldeak egingo du aurrera. Eginiko tanto kopurua ere aintzat hartuko da, baldin eta talde berberak lehen bi partidak irabazten baditu. Partidak Hernanin eta Andoainen jokatuko dira, baita Iparraldean ere. Hori bai, inork jaialdirik erosi nahiko balu, aukera hori du 300 euroren truke.

Sariei dagokienez, irabazleak 3.000 euro eskuratuko ditu, txapelaz eta garaikurrez gain. Txapeldunordeak 2.000 euroko saria izango du, eta hirugarren eta laugarren sailkatuek, 1.000 bana eurokoa. Final-laurdenetan kanporatzen direnek, berriz, Petritegi sagardotegian zortzi lagunentzako afaria eskuratuko dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide