Marea Urdinaren aldeko kontzertu solidarioa egingo dute ostiralean, Baztartxon

Maxixatzen.eus 2018ko api. 16a, 10:40
Argazkiak: Marea Urdina.

Datorren ostiralean, apirilak 20, Marea Urdina egitasmoa babesteko kontzertu solidarioa egingo da Baztartxo antzokian. 20:00etan hasiko da Donostiako eta Azkoitiko Musika eta Dantza Eskolako ikasleen kontzertua.

 

Hamar urtetik gorako pertsona guztiek hiru euro ordaindu beharko dituzte kontzertua bertatik bertara jarraitzeko. Bildutako dirua, oso-osorik, Marea Urdina proiektuarentzat izango da. Sarrerak Musika Eskolan bertan daude salgai, eta antolatzaileek adierazi dutenez, 300 sarrera saldu dira jada. Kontzertuaren zuzendaria Enekoitz Martinez izango da, moldaketak Juanjo Zeberiok egingo ditu eta Abesbatzako zuzendaria Maje Larrañaga izango da. Kontzertuan gaur egungo hainbat egileren musika abestuko dute: Ken Zazpi, Zea Mays, Niko Etxart, Juantxo Zeberio, Sorotan Bele... Amaieran, gainera, Marea Urdinaren abestia abestuko du zuzenean Marea Urdina taldeak.

Donostiarren eta azkoitiarren elkarlana

Donostiako Musika Eskolatik Kamerata eta Konboa ikasleak etorriko dira Azkoitira, eta Bizkargi Abesbatza ere bertan izango da. Bi Musika Eskola horien elkarlanak badu arrazoi bat. Datorren maiatzaren 9an eta 10ean ospatuko da Leewarden (Herbehereak) europar musikari gazteen jaialdia. Hori dela-eta, Donostiako Udal Musika eta Dantza Eskolako ikasleek Azkoitiko Bizkargi Abesbatzarekin elkarlanean bidaiatuko dute Herbeheretara, bertan prestatu duten egitarau bateratuarekin.

2016an Donostia Europako Kultur Hiriburua izan zen, eta horren harira europar jaialdia Donostian antolatu zen, gero Euskal Herri osora zabaltzeko. Azkoitian, esaterako, atzerriko lau talde izan ziren, gehienak alemaniarrak. Harrezkero, Bizkargi Musika Eskolako gazteen nahia izan da atzerrira bidaiatzea. Musika aitzakia hartuta, Herbeheretara joango dira laster Donostiako Udal Musika eta Dantza Eskolako ikasleekin batera. Guztira 60 ikaslek hartuko dute parte. Egutegi bateratu bat dute, eta apirilaren 20an izango da egutegiaren lehen eguna. Baztartxon egingo duten kontzertua Marea Urdinaren aldekoa izatea erabaki zen. Gero, Donostiako Antzoki Zaharrean izango da bigarren emanaldian eta ondoren Herbeheretara egingo dute bidaia, europar musikari gazteen jaialdian parte hartzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide