Ekainaren 10eko giza katean Arroa eta Itziar bitartean bilduko dira azkoitiarrak

Maxixatzen.eus 2018ko mar. 24a, 15:44

2018ko ekainean, giza kate erraldoi bat osatzeko asmoa du Gure Esku Dagok, Donostia, Bilbo eta Gasteizko legebiltzarrak elkartuta. Ekimen hori aurkezteko, gaur, zapatua, Kontzejupean bildu dira erabakitzeko eskubidearen alde dauden hainbat herritar. Orain arteko ekimenik jendetsuena gauzatzeko asmoa dute, eta horretarako inoizko azkoitiar gehien bertara biltzea nahi da. Azkoitiarrek Arroa eta Itziar bitartean 39, 40 eta 41. kilometroak osatu beharko dituzte. 2014ko giza katean azkoitiarren erantzuna "ezin hobea" izan dela azaldu dute, eta oraingoan ere ez dutela gutxiago espero. Euskal Herrian izango den mobilizaziorik handiena izatea nahi da beraz datorren ekainaren 10eko giza katea. 

 

Giza katean parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da, eta hori lehenbailehen egitea komeni dela azpimarratu dute, antolakuntza lanak errazteko. Izena ematerakoan 5 euro ordaindu beharko dira, eta diru horren truke, zapi bana jasoko dute parte hartzaileek gero, ekainaren 10ean, zapitik zapira giza katea osatzeko. Hemendik aurrera eliz atarian egongo dira larunbatetan, parte hartzeko izenak jasotzen eta laster aterako den Gure Esku Dagoko kamiseta berriak saltzen, 10 euroren truke. Erabakitzeko eskubidearen alde dauden herritarrei dei egin die giza katean eta antolakuntza lanetan parte hartzeko.