Maketa Lehiaketaren finalera sailkatu da Silence

Maxixatzen.eus 2018ko mar. 23a, 10:03
Silence taldeko kideak.

Silence da 27. edizioko Gaztea Maketa Lehiaketaren GazteBizHitza saria jaso duena, eta horri esker 2.500 euro eskuratu ditu. Guztira, 1.379 boto lortu ditu taldeak, bigarren sailkatuak baino 266 puntu gehiago. Silencekin batera, Pho-Bo, bigarren sailkatua, eta epaimahaikideek aukeratutako Hakima Fissi, Nerabe eta Aizkorak Zorroztu lehiatuko dira finalean.

 

Astebete iraun du bozketa-faseak. Hasieratik, lehenengo postuan izan da Silence. Azpeitia eta Azkoitia artean sortutako pop rock talde gazteak urtebete eman du entsegu lokalean maketa grabatzen, eta badirudi denbora horretan egindako lanak fruitua eman diola. Izan ere, entzuleen botoek lagunduta, GazteBizHitza saria eskuratu du aurtengo Maketa Lehiaketan. 

Silence eta Pho-Bo ez ezik, epaimahaiak hautatutako beste hiru artista ere ikusiko ditugu Kafe Antzokiko final handian: Hakima Flissi, Nerabe eta Aizkorak Zorroztu.

Apirilaren 27an Bilboko Kafe Antzokiak hartuko du Maketa Lehiaketaren finala. Bost taldeak taula gainera igoko dira, esku artean dituzten kantuak jarraitzaileen zein epaimahaikideen aurrean aurkezteko.

 

Ohi bezala, sari potoloena, Epaimahaiaren Saria, jasotzen duen talde edo bakarlariak 5.000 euro eskuratuko ditu, eta Bilbao BBK Live jaialdian aritzeko aukera izango du. Horrez gain, Kafe Antzokiaren sari berezia egongo da, eta irabazleak 300 euro jasoko ditu.

 

Sari bat jasotzeak ez du beste bat lortzeko aukera baztertzen.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide