Udalaren Osoko Bilkuran parte ez hartzea erabaki du EH Bilduk

Maxixatzen.eus 2018ko mar. 22a, 17:16

Gaur arratsaldean 19:00etan izango den ez-ohiko Udalaren Osoko Bilkuran parte ez hartzea erabaki du EH Bildu koalizioak. Besteak beste, «udal gobernuaren aurreikuspen faltagatik» eta Udaleko arduradunek ipintzen dizkieten «oztopo eta zailtasunengatik» hartu dute erabaki hori. Jarraian EH Bilduren oharra:

 

«Azkoitiko EH Bilduko zinegotziok, martxoaren 22ko ez-ohiko Udalaren Osoko Bilkuran parte ez hartzea erabakia dute.

Azkoitiko udal gobernuaren aurreikuspen falta, gehiengo absolutuaren atzean eserita, beraien erosotasunera begira bakarrik, komeni zaien aldaketak proposatzen dituzte. Martxoaren 14ean korrika eta presaka erabaki zuten hilabete honetako egitura guztia beraien beharren arabera aldatzea. Tamalez, erabaki horiek ekartzen dituzten ondorioak kontuan hartu gabe.

Gobernantza eredu horrek udaleko beste ordezkariei zailtasunak jartzea baino ez du lortzen.

Aldaketa horiek ez ezik, orain dela ordu batzuk oraindik dokumentazio guztia jaso gabe geunden, horrek gaiak aztertzeko ekartzen dituen zailtasun eta ezintasunarekin.

Udal honetako arduradunek, beste alderdioi ipintzen dizkiguten oztopo eta zailtasunak ikusita, gaurko osoko bilkuran parte ez hartzea erabaki dugu.

Jarrera hori aldatu ezean, hemendik aurrera gure udal jarduera nolakoa izan behar duen aztertuko dugu».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide