AZKOITIAZPEITIA maratoi erdiaren 25. lasterketa aurkeztu dute gaur

Maxixatzen.eus 2018ko mar. 13a, 17:23
AZKOITIAZPEITIA maratoi erdiaren 25. edizioa aurkeztu dute gaur Azpeitian.

Martxoaren 24an ospatuko da AZKOITIAZPEITIA maratoi erdiaren 25. edizioa, eta gaur aurkeztu dute Azpeitian. Bertan bildu dira antolatzaile buru den Agustin Jimenez, laguntzaile eta babesle nagusien ordezkariak, Azpeitiko eta Azkoitiko alkateak eta Diego Garcia zenaren arreba, besteak beste. Partaidetzaren aldetik, aurten 825 lagunek eman dute izena dagoeneko maratoi erdirako, 683 gizonezkok eta 116 emakumezkok, eta 8,1 km-ko lasterketa laburrerako beste 135 korrikalari gehitu dira, horietatik 63 emakumezkoak.

 

Aurten, gainera, Gipuzkoako eta Euskadiko maratoi erdi Txapelketa izango da AZKOITIAZPEITIA maratoi erdia. Jimenezek hau azaldu du lasterketaren harira: «Urte guzti hauetan lortu da AZKOITIAZPEITIA Europako mapan kokatzea. Baina lasterketa hau ez litzateke izango gaur egun dena boluntarioen eta babesleen laguntzarik gabe». 350 lagunetik gora dira boluntario gisa parte hartzen dutenak.

 

Izen handiak

Eliteko atleten partaidetza azpimarragarria den arren, AZKOITIAZPEITIA kutsu herrikoia mantentzearen aldekoa da, «korrika ondo egiteak ez duelako esan nahi azkar egitea, baizik eta bakoitzak bere mailan lasterka egitea», Jimenezen hitzetan. Edonork du parte hartzeko aukera eta beldurtu gabe, horretara animatu nahi da jendea antolakuntzatik.

Parte hartuko duten eliteko atleten artean, hor daude gizonezkoetan Emmanuel Bett, Mark Kiptoo edo Samuel Kiplimo. Eta hain ezagunak guretzat ez izan arren, sekulako markak dituzten James Rungaru, Stephen Omito, Joseph Kiprono edota Ronal Kirui.

Emakumezkoetan, berriz, Leonida Jemwetich, Mercy Kepchumba, Hauwi Megersa, Azucena Díaz edota Zulema Fuentes espero dira.

 

Hainbat jarduera eta festa ukitua lasterketaren bueltan

AZKOITIAZPEITIA lasterketaren bueltan, Azpeitian eta Azkoitian egitarau zabala antolatzen da. Lasterketa egunean, Oihan Vega arituko da Plaza Berrin Azkoitian eta Txurru Azpeitiko plazan.

Horretaz gain, ostegun honetan, martxoaren 15ean, nutrizioari eta elikadurari buruzko hitzaldia eskainiko da Elkargunean, 19:00etan. Eta hilaren 22an, LH6ko ikasleei beste hitzaldi bat emango zaie lasterketaren inguruko xehetasunak emanez eta Diego Garcia nor zen azalduz.

Halaber, argazki erakusketak egingo dira, eta amaiera emateko, martxoaren 25ean bazkaria egingo dute 25 urte hauetan lagundu duten guztiekin eta parte hartu nahi dutenekin. Bazkarirako Azkoitiko Plaza Berri Sporten eman daiteke izena.

 

Xehetasunak

Aurten ere, proba zuzenean emango da; corriendovoy-k hasiera eta iritsiera grabatuko ditu.  Halaber, autobusak jarriko dira Donostiatik, Bilbotik eta Gasteiztik.

Lasterketa laburra 16:15ean hasiko da eta maratoi erdia, 16:30ean.

Izen-emateei dagokienez, martxoaren 22an itxiko dira, aurretik 1.000 partaidetara iritsi ezean. Izena Plaza Berri Sport saltokian eman daiteke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide