Bi urteko espetxe zigorra eta 14.000 euroko isuna Aizpurutxon marihuana landatzeagatik

Maxixatzen.eus 2018ko mar. 6a, 10:57

2015eko urriaren 14an sartu zen polizia Aizpurutxoko eskola etxean, eta bertan 75 marihuana landare eta 183 aldaxka aurkitu zituen. Hori dela eta, Donostiako bigarren Zigor Auzitegiak gertaerak epaitu ditu, eta akusatuari bi urteko kartzela zigorra eta 14.000 euroko isuna ezarri dio.

 

Aizpurutxoko eskola zaharra okupatu zuen akusatuak eta etxearen gela desberdinetan berotegi baten antzeko egiturak zituen eraikita. Eraikinaren barruan kable baten bidez energia elektrikoa mugitzeko lotura bat egin zuen. Horrela, marihuana haztea lortu zuen haizagailuarekin, tenporizadorearekin eta lanpara bereziekin. Gainera, landareak eraikinaren gela ezberdinetan zituen banatuta, neurriaren arabera banatuta.

Donostiako bigarren Zigor Auzitegiak epaitu dituen gertaerak 2015eko urrian salatu ziren. 2015eko urriaren 14an sartu zen etxean polizia, eta bertan 75 marihuana landare, 183 aldaxka eta plastikozko 21 poltsa aurkitu zituen.

Laborategian egindako analisien bitartez jakin ahal izan zen atzemandako 1,6 marihuana kilok purutasun maila desberdinak zituztela. Drogak 7.246 euroko balioa hartu zuen merkatuan. Atxiloketaren unean akusatuak 915 euro zituen aldean, 5, 10 eta 50 euro billeteetan banatuta.

Defentsak, auzitegian, onartu zuen eraikin horretan poliziak aurkitutako landareak berak landatu zituela eta kontsumo propiorako zirela. Era berean, aitortu zuen gainean zuen dirua berea zela, bikotekide ohiak utzitako mailegua. Dirua aldean zeramala adierazi zuen, lapurreta saihesteko.

Santiago Romero Buck Arstad epaileak, ordea, akusatuaren bertsioak sinesgarritasun gutxi duela azaldu du. Epaileari, ordea, deigarria iruditu zaio landareak hazteko erabilitako metodologia eta landare kopurua, autokontsumorako legeztatuta dagoen kopuruaren gainetik baitago.

Halaber, atxiloketaren momentuan atxilotuak aldean zuen diru kopuruak ere harritu du epailea, eta horren inguruan akusatuak emandako azalpenek sinesgarritasun gutxi dutela gaineratu du. Era berean, erruduna langabea izatea, eta aldi berean, diru kopuru handi baten jabe izatea susmagarria iruditu zaio. Bestalde, 2012an Gipuzkoako Auzitegiak osasun publikoaren aurkako delitu bat egiteagatik kondenatu zuen, speed drogaren trafikoagatik.

Epaileak dioenez, ezin ditu defentsaren arrazoibideak onartu. Horrenbestez, gizonari bi urteko kartzelan zigorra eta 14.000 euroko isuna ezarri diote. Hori ordaindu ezean 181 egun gehituko dizkio bere kartzela zigorrari. Sententzia ez da behin betikoa, eta, beraz, Gipuzkoako Foru Auzitegiaren aurrean helegitea aurkezteko aukera izango du defentsak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide