Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian Gipuzkoako eta Euskadiko txapelak jokatuko dira

Maxixatzen.eus 2018ko mar. 6a, 09:36

Martxoaren 24an jokatuko da Diego Garciaren omenezko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia. Aurtengoa 25. edizioa izango da, eta lasterketan izena emateko azken eguna martxoaren 22a izango da. Horretarako, Plaza Berri Sport dendan, Azpeitiko Euskadi Sport eta Fullgas dendetan eta Donostiako Robers dendetan egin ahal izango da. Internet bidez ere egin ahalko da, Kirolprobak.com webgunean.

 

Horrez gain, aurtengo maratoi-erdiak Gipuzkoako eta Euskadiko txapelak banatzeko ere balioko du. Azken urteetan maratoi erdiak distantzia horretako Gipuzkoako txapelketa hartu izan du, baina aurten Euskadiko txapela ere bertan erabakiko da. Bi txapelketa horietan parte hartu nahi duten atletek Gipuzkoako edo Euskadiko federazioetan eman beharko dute lasterketarako izena. Gipuzkoako txapelketan parte hartzeko, Gipuzkoako Atletismo Federazioan eman beharko da izena, eta Arabako eta Bizkaiko parte-hartzaileek, berriz, Euskadiko Atletismo Federazioan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bi txapelketa horietan izena ematen dutenek ez dute maratoi-erdiko plataforman izena eman beharrik izango.

Gipuzkoako zein Euskadiko txapelketetan parte hartu nahi dutenek, gutxieneko marka hauek egiaztatu beharko dituzte:

- Gizonezkoek: maratoian 02:47:00, maratoi erdian 01:20:00, eta 10 klometroetan 00:33:00.

- Emakumezkoek: maratoian 03:22:00, maratoi erdian 01:35:00, eta 10 kilometroetan 00:40:00.

Informazio gehiago, Azkoitia-Azpeitia maratoi-erdia lasterketaren webgunean.

Guka da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Gukako bazkide