EAJ eta PSE-EE alderdiek pentsioen inguruko mozioa onartu dute

Maxixatzen.eus 2018ko mar. 1a, 12:23
Atzoko Udal Osoaren Ohiko Bilkura, mozioa onartu zen unea. (Argazkia: Udala)

EAJ eta PSE-EE alderdiek pentsio duinak eta pentsio sistema publikoa defendatzeko aurkeztutako mozioa onartu zuten atzo arratsaldean egin zen Udal Osoaren Ohiko Bilkuran. Bestalde, EH Bildu eta Azkoitia Bai abstenitu egin ziren.

 

Azkoitiko Udalak Madrilgo gobernuari eskatu zion, «birbanatzeko eta desberdintasunak murrizteko ahalmen handiagoa izango duen pentsio-sistema publikoa ezartzeko».

Mozioak zortzi puntu jasotzen ditu. Besteak beste, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio «2011-2015 legealdian sartutako lege aldaketak bertan behera uzteko, erosteko ahalmena bermatzeko edota Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoa kudeatzeko eskumenak Euskadiko Erkidego Autonomiaren esku uzteko».

Honako hau da atzo onartu zen mozioaren eduki osoa:

  • Indargabetzeko 2011-2015 legealdian sartutako lege-aldaketa guztiak: 5/2013 Errege Lege Dekretuak ezarritako aurre-erretiroaren erregulazioa eta, osorik, 23/2013 Legea, Gizarte Segurantzaren Pentsio Sistemaren Jasangarritasun Faktorea eta Errebalorizazio Indizea arautzen dituena.
  • Pentsioen erosteko ahalmena bermatzea, haiek KPIaren arabera eguneratzea berreskuratuz.
  • Ezabatzeko 23/2013 Legean ezarritako jasangarritasun faktorea, haren bidez murriztu egingo baitira erretiro-pentsioak, dagokion taldearen bizi-itxaropenaren arabera, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera.
  • Erreserba funtsa %3 baino gehiago nahieran erabiltzeko debekua itzul dadila lehengora, 28/2003 Legeak, azaroaren 29koak, arautua eta 28/2012 ELD errege lege-dekretuak eta hurrengo aurrekontu-legeek salbuetsia.
  • Era berean, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio areagotzeko enplegu irregularraren eta Gizarte Segurantzari egindako iruzurren aurkako borroka, sistemaren diru-sarrerak handitzeko.
  • Azkoitiko Udala sistemaren diru-sarrerak handitzearen aldekoa da, Gizarte Segurantzaren finantzaketa zerga-sistemako diru-sarrerekin osatuz.
  • Azkoitiko Udalak adierazten du pentsioen sistema publikoa defendatzeko borondatea dutela, ongizate-estatuaren lau zutabeetako bat delako.
  • Euskadirako Autonomia Estatutua onartzen duen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 18.2 artikuluak eta bosgarren xedapen gehigarriak diotena kontuan hartuz, ekiteko Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoa kudeatzeko eskumenak Euskadiko Autonomia Erkidegoari berehalaxe eskualdatzeko eginbeharrei.

Oposizioaren abstentzioa

Mozioa EAJ eta PSE-EE alderdien aldeko bozkekin onartu zen atzoko Udalbatzan. EH Bildu eta Irabazi-Azkoitia Bai, ordea, abstenitu egin ziren. EH Bilduk azaldu duenaren arabera, «abstentzioa eman genuen, ez ez geundelako ados testuarekin, baizik eta EAJ eta PSE-EE alderdien aurpegi garbitze bat iruditzen zaigulako». Iraitz Otaño EH Bilduko zinegotziak Maxixatzeni esan dionez, «EAJ Madrilen aurrekontuak adosteko gai baldin bada, pentsio duinak adosteko ere gai izan beharko luke, eta PSE-EE 155. artikuluaren aplikazioa adosteko gai baldin bada, pentsioak adosteko ere izan beharko luke. Hor ikusten da bakoitzaren benetako interesak zein diren: pentsio duinak lortzea ez da euren lehentasuna».

Bestalde, koaliziotik gogorarazi dute, 2016an Eusko Legebiltzarrean 71.724 sinadura aurkeztu zituela pentsioen aldeko plataformak pentsio duinak eskatzeko eta 1.080 eurora arte osatzeko. «Ordukoan EAJk eta PSE-EE alderdiek horren aurka bozkatu zuten», adierazi dute koaliziotik. «Pentsioak osatu eta duin bihurtzeko tresnak daude hemen, baina ez dituzte erabili nahi. Horregatik iruditzen zaigu aurpegi garbitze bat dela», azaldu du Otaño bozeramaileak.

Azkoitiak Bai alderdiak, bere aldetik, esan du «Azkoitiko arazo bat sortzen denean ematen dugu gure iritzia. Beste taldeak beraien alderdietatik etortzen zaizkien mozioak irakurri eta bozkatzearekin konformatzen dira». Taldekideak informatzeaz arduratzen direla gaineratu du Joakin Etxaniz ziengotziak, eta «herritik kanpoko gaiak direnean, bakoitzak erabakitzen du nola jokatu, alderdien agindurik gabe», adierazi dio Maxixatzeni.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide