«Lasterketa ez zitzaidan hain ondo joan, sentsazio txarrak izan nituelako, baina banekien dena eman beharra neukala»

Maxixatzen.eus 2018ko ots. 14a, 16:44
Jone Zabaleta, Salamancan.

Jone Zabaleta atletak joan den asteburuan Salamancan jokatutako 3.000 metroko Espainiako Txapelketan brontzezko domina irabazi zuen 23 urtez azpikoetan, 10:18:88 denborarekin. Asteburu honetan, berriz, estrainekoz Absolutuen Espainiako Txapelketan parte hartuko du Valentzian, 1.500 metroko lasterketan. Udalak Zabaletari egindako elkarrizketa jarraian:

 

Zorionak Jone! Brontzezko domina etxeratzea lortu duzu azkoitiar guztion harrotasunerako. Nola joan zitzaizun lasterketa?

Lasterketa ez zitzaidan hain ondo joan, kanpotik hala ematen duen arren. Ez nituen sentsazio onak izan. Txapelketa jokatu genuen pista 800 metroko altitudean dago, eta horrek dezenteko eragina izan zuen nigan. Nahiko sentsazio txarrak izan nituen, baina aukerak banituela banekien eta dena eman beharra neukala ere bai.

Eta domina etxera. Baina marka hobea egina duzu 3.000 metrotan. Inoiz Gipuzkoan emakume mailan egin den bigarren markarik onena alegia, 9 minutu eta 41 segundo.

Hala da. Larunbatekoa oso lasterketa makala atera zen. Lehenengo bi kilometroak oso makalak joan ziren, inor ez zen aurrean jartzen. Espainiako Txapelketetakoak normalean horrela izaten dira, oso taktikoak: inor ez da aurrean jartzen tiratzen eta erritmoa ipintzen. 

Noiz hasi zinen korrika?

LH3n. Lesiorik-eta ez dut izan, eta geldialdirik gabe jarraitu ahal izan dut.

Zer suposatzen du zuretzat kirol honek?

Buf, niri korrika egitea kenduz gero, ez dakit zer egingo nukeen. Egunero entrenatzen dut, eta zerbait faltako litzaidake.

Egunero entrenatzen duzu?

Asteko sei egunetan. Unibertsitatetik atera eta 19:00ak edo 19:30ak aldera, ordu t’erdi inguru entrenatzen dut. Batzuetan ez dut gogo handirik izaten, eguna eskolan pasatu ostean, euriarekin eta hotzarekin ateratzeko, baina badakit egun batean uzten badut hurrengoan gehiago kostako zaidala eta nire buruari kontra egiten diot. Eta hainbeste entrenatuta, gero emaitzik ez ikustea etsigarria izan daiteke. Niri markak egitea da motibatzen nauena.

Noiztik zaude Atletico San Sebastian klubean?

Duela hiru urtetatik. Pedro Muñoz azpeitiarra da nire entrenatzailea 2012tik. Lleidan nagoenean mugikorretik esaten dit zein entrenamendu egin behar dudan, eta Azkoitira joaten naizenean berak laguntzen dit.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Azkoitiko Udalaren atarian.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide