PUBLIZITATEA | Azpeitiko Ikastolan DBHn ere proiektu berriekin ari dira lanean

Maxixatzen.eus 2018ko ots. 5a, 11:31

Urteak dira Azpeitiko Ikastola hezkuntza eraldaketaren beharra sumatu zuela eta pausoak ematen ari dela. Hori gauzatu nahian Euskal Herriko Ikastolen elkartearekin (EHI) elkarlanean etapa ezberdinetan hainbat proiektu martxan jarri zituen.

 

Haurra ikusteko filosofia berri bat oinarri hartuta, Haur Hezkuntzaren marko pedagogikoaren eraldaketarekin ekin zioten bideari, eta horri erantzuteko espazioaren erabateko moldaketa gauzatu dute azken urteetan.  Lehen Hezkuntzan, berriz, HUHEZIren laguntzarekin, talde kooperatiboetan oinarritutako IKASKIDETZAn hasi ziren konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren bidean, DBHn EHIko EKI proiektuarekin egin zuten bezala.

EKI, konpetentziak landuz ikasi eta irakatsi

DBHko ikaslea nerabezaroan sartuko da eta jasango dituen aldaketa fisikoetara eta sentimendu nahasietara egokitzen ikasi behar du. Ikastetxean arlo curricularrak garrantzi gehiago hartuko du, edukiak arloka hasiko dira lantzen, baina helburua ez da edukiak ikastea, egoera errealari erantzuteko eduki horiek erabiltzen ikastea baizik. Edozein bizitza-egoeratan konpetentea izatea lortu behar du ikasleak: pentsatzen eta ikasten, ko­munikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten eta egiten eta ekiten jakin behar du.

KiVa, eskola-jazarpena murriztea helburu

Ikastolan aurten ari dira DBHko lehen zikloan buru belarri lantzen KiVa. Eskola-jazarpena prebenitzea eta jazarpen-kasuei modu eraginkorrean aurre egitea xede duen proiektua da KiVa, Finlandiako Turkuko Unibertsitateak sortu eta garatua. Eskolan ongizatea hobetzen duela eta mundu mailan eskola jazarpenari aurre egin eta hura murrizteko programarik eraginkorrena dela frogatu da.  Ikastolako egoeraren eta denborarekin gertatzen diren aldaketen etengabeko jarraipena ere egiten du.

Eskola-jazarpena prebenitzeko eta jazarpen egoerak murrizteko, KiVa ikasgaiak landuz ikasleek, jazarpen egoerei aurre egiteko moduak eta estrategiak ikasten dituzte, giza harremanetan errespetuak duen garrantzia, taldean kide bakoitzak jokatzen duen papera edo rola...

Jazarpen-kasuei modu eraginkorrean aurre egiteko berriz, Ikastolako  KiVa taldeak eta gelako irakasleak elkarrekin lan egiten dute. Bere helburua taldera iristen diren kasuen balorazioa egin eta jazarpen kasuetan eskuhartzea egitea da. Helburu nagusia jazarpena gelditzea da.

Iazko ikasturtean jarri zen martxan KiVa programa Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatiban. Orain arteko esperientzia eta emaitzak oso onak direla ikusirik, programa D.B.Hko lehenengo ziklora zabaldu da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide