Eneritz Arrietak ohorezko sakea egingo du zapatuan, Txerloian

Maxixatzen.eus 2017ko abe. 14a, 14:32

Eneritz Arrieta Emakumeen Master Cupeko Lehen Mailako txapeldun azkoitiarrak ohorezko sakea egingo du datorren zapatuan, Txerloian. Anaitasunako Senior Neskek Bergara hartuko dute 17:00etan, eta txapeldunak neurketa hasi aurretik herritarren eta klubaren omenaldia jasoko du.

 

Abenduaren 6an, Sopelan, Maite Iriarte azpeitiar pilotariari 22-12 irabazi zion azkoitiarrak, eta ondorioz Emakume Master Cup lau t´erdiko Lehen Mailako txapela janztea lortu zuen. Zapatuan omenaldia jasoko du datorren urtean Elite mailan arituko den Arrietak.

Anaitasunako Senior nesken taldea, bide batez, multzoko lehen postua jokatzen ari da. Une honetan lehenak dira gorrixek sailkapenean, eta postu horri eusteko falta zaizkien bi jardunaldiak irabazi eta Eibar arerio zuzenak dituen hiru neurketetan zer egiten duen itxaron beharko dute.