Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalera joateko autobusa 08:10ean irtengo da Azkoititik

Maxixatzen.eus 2017ko abe. 13a, 09:58
Argazkiak: Bertsozale Elkartea.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala jokatuko da igandean, Barakaldoko BEC-en. Azkoititik finalera joateko autobuseko txartela eskuratu zutenentzat, 08:10ean irtengo da autobusa Julio Urkixo etorbideko edo Eroski Txiki pareko geltokian. Finalaren goizeko saioa 11:00etan hasiko da, eta arratsaldekoa, 16:30ean.

 

Autobusaren antolatzaileek, autobusa hartu behar dutenentzako ohar garrantzitsu batzuk jakinarazi ditu. Azaldu dutenez, 08:10ean abiatu egingo da autobusa; hori dela eta, ordu laurden lehenago geltokian egoteko gomendioa egin dute, «zorrotz beteko baitira irteera orduak», adierazi dute antolatzaileek.

Autobuseko txartela erosi zutenek, autobusa txartelean bertan zehaztuta dagoen tokian hartu beharko dute. Ezingo da autobusa beste geltokietan hartu. Azkenik, autobuseko txartela inprimatuta eraman behar dela gogorarazi dute.

Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Unai Agirre izango dira Bertsolari Txapelketa Nagusiko zortzi protagonistak. 14.600 lagunek jarraituko dute finala bertatik bertara; Barakaldoko BEC bertsozaleen topagunea izango da, beraz, igandean.

Zortzi finalistek egin beharreko lana:

Goizean, 11:00etan:

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
  • Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.
  • Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

 

Arratsaldean, 16:30ean:

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.
  • Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

 

Buruz burukora iristen diren bi bertsolariek egin beharko duten lana:

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
  • Binaka, gaia emanda, launa bertso zortziko txikian.
  • Kartzelako lana: 
    1. Banaka, hitza gaitzat emanda, bertso bat bederatziko txikian.
    2. Gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide