Gabonetako Futbol Kanpusean izena emateko epea zabalik

Maxixatzen.eus 2017ko abe. 13a, 08:58

Sasoiko Ongizate Zentroak Gabonetako Futbol Kanpusa antolatu du aurtengo urterako ere, eta izena emateko epea irekita du abenduaren 22ra arte. 2009. urtean jaiotako neskentzat eta mutilentzat izango da Gabonetako Kanpusa, abenduaren 26tik 29ra bitartean, San Juango zelaian.

 

Entrenamenduak 09:00etan hasiko dira, eta 11:00etan amaitu. Besteak beste, bakarkako eta taldekako lana, atezain mugimenduetan oinarritutako lana, baloiaren eramatea, kontrola, pasea, driblinga eta erremateko edo amaierako ariketak landuko dira, guztia C.D. Anaitasunako metodologiaren baitan. Tituludun eta esperientzia handiko entrenatzaileak arituko dira begirale gisa.

Neska-mutilek euren kirol-arropa eraman beharko dute. Hala nola, kamiseta, galtza, galtzerdiak, jertsea edo xira. San Juango zelaian entrenatzeko beharrezkoa da tako anitzeko botak edo entrenatzeko zapatilak izatea. Behin entrenamendua amaituta, aldatzeko arropa eta eskuoihala eramatea ere beharrezkoak izango dira. Sasoiko Zentrotik lan saioak hasi baino hamar minutu lehenago San Juango instalazioetan egoteko gomendioa egin dute.

Yoko Kirolak dendan eman beharko da izena, eta ondoren, dendaren aurrean dagoen Rural Kutxako bulegoetan ordaindu izen ematea; 50 euro ordaindu beharko dira. Interesa dutenek abenduaren 22ra arteko epea dute ordainketa egin eta Gabonetako Futbol Kanpusean haurrak lagunarteaz eta futbolaz gozatzen ikusteko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide