La Fuente de la Fortuna loteria denda: «Saria gure dendan irteteko zain-zain gaude; ja tokatzen da!»

Maxixatzen.eus 2017ko abe. 13a, 11:58

Helena Quintela Bereziartuak (Donostia, 1965), 13 urte daramatza loteria saltzen, Ana Garmendia Plazaolak (Azkoitia, 1955) 25 bat urte, eta Mari Alfonso Illarramendik (Azkoitia, 1972), 3 urte loteria saltzen. Sari nagusia Azkoitian irteteko zain daudela aitortu diote Maxixatzeni:

 

Zein da Gabonetarako gehien eskatzen den zenbakia?

Bosta, oro har asko irten delako zenbaki hori.

Zenbaki jakin bat eskatzen al du jendeak?

Bai, norbere jaiotza data eskatzen dute askok.

Superstiziosorik izaten al da?

Bai… Izango ez da, ba! [Barrez] 13 bukaera asko gustatzen zaie. Dendan Gabonetako zuhaitza jartzen dugu, eta bolak jarri ordez aurreko urteko zozketako dezimoak zintzilikatzen ditugu. Eta askok hor ikusten dituzten zenbakiak eskatzen dituzte.

Zenbaki guztiak izaten al dituzue?

Asko, baina denak ez. Gaur egun makinatik zenbaki asko eska daitezke, baina denak ez. Zenbaki batzuk administrazio batzuetara lotuta egoten dira. Guk bi edo hiru zenbaki ditugu, betidanik hemengoak izan direnak. Beste inon ez daude, gurean bakarrik, eta Espainian asko eskatzen dizkigute. Dirua ingresatzen digute, eta guk loteriak bidaltzen dizkiegu.

Ilara luzeak izaten dira hemen Gabonetan.

Bai, plazarainokoak. Erosteko ez horrenbeste, baina kobratzeko… orduan bai. Askok lehenago Interneten egiaztatzen dute zenbakia, baina guk betiere ez botatzeko eta hona ekartzeko esaten diegu, badaezpada.

Haurraren loteria banatu zenuten 1995eko Gabonetan.

Bai, 341 milioi. Ana Garmendia lanean zebilen, Maria Lurdes Quintela zenarekin batera. Hura zen orduan administrazioko nagusia, Helena Quintelaren izeba, lehen Jakin liburu denda zuen Nikolasa Alkortarekin batera. Eta 1982an loteria denda zabaldu zuen.

Nola jaso zenuten albistea?

Makina izorratua genuen, eta hura konpontzen ari zen langilea hemen, Madrileko Loterías y Apuestas del Estado enpresarekin konexioa galdua genuelako. Orduan, delegaziotik deitu ziguten saria jakinarazteko, eta xanpainarekin ospatu genuen. Arratsaldean, ordea, denda itxi genuen beti bezala. Egunkarian jende asko etorri zela jarri zuten, baina ez zen horrela izan.

Badaezpada ez ziren etorriko tokatu zitzaienak…

Bat bai, eta sari handiena zuena, gainera. «Joan zaitez derrepente kutxara», esan genion. 125 milioi tokatu zitzaizkion; besteei baino 100 milioi gehiago gainera, sari berezia tokatu zitzaiolako. Hark sari berezi hori berari tokatu al zitzaion ziurtatu nahi zuen.

Gustatuko al litzaizueke berriz zuen dendan irtetea sariren bat?

Nola ez, ba… Zain-zain gaude. Ja tokatzen da!

Zuek ere jokatzen al duzue?

Bai, bai. Zenbaki berezi bat dugu Azkoitian: 25.104. Denek hori erosi nahi izaten dute. Espainian ere jende askok eskatzen digu zenbaki hori; ez dakigu zergatik. Geuk ere hartu dugu badaezpada. Berez, Etxeza tabernakoa da; han ere asko saltzen da. Haiek guztiak salduta dauzkate dagoeneko, eta guk ere ez daukagu.

Zein saltzen da gehiago, Haurraren loteria ala Gabonetakoa?

Gabonetakoa askoz gehiago, sari hobea delako eta tradizio handiagokoa delako.

Batez beste, zenbat erosten dute zuen bezeroek?

Ezberdintasun handia dago batetik bestera. Batzuek iloba denentzako erosten dituzte, Gabonetako opari gisa. Hori jende askok egiten du. Zortzi bat loteria erosten dituzte batez beste. Beste batzuek, bukaera guztiak edukitzeko, 9 loteria erosten dituzte, 0tik 9ra.

Gabonetako loteriaz gain, zer gehiago saltzen duzue hemen?

Kinielak, Primitiva, Bonoloto, Euromillon –orain modan dago, gainera–…

Zein adinetako jendea etortzen da gehienbat loteria erostera?

Adinekoa gehiago oro har loteria erostera. Primitiva-eta gazteek gehiago erosten dute, batez ere zuk nahi duzun prezioa joka dezakezulako.

Zerbait esaten al diezue loteria saltzerakoan?

Bukaeran, beti «zorte on!».

Anekdotarik?

Bai, lapurretak. Behin gezurretako pistola batekin sartu ziren lapurreta egitera, eta lepoa estutu ere egin zioten bertako langile bati. Azkenean, ezer harrapatu gabe joan ziren.

Beste behin ijito batzuk ere etorri zitzaizkigun, oso elegante jantzita, bat ijitoen nagusia zela esanez. 00077 zenbakia eskatu zuten; Otzarreta harategian saltzen zuten, eta guk haren zati bat genuen. Saldu egin genion, eta ondoren azkoitiarren artean eta inguruko ijitoen artean zabaldu zen zenbaki horrek irten behar zuela, eta ondorengo egunetan denak zenbaki hori eskatzen ibili ziren gure dendan eta harategian. Denok diru mordo bat gastatu genuen horrek irten behar zuela sinetsita, eta azkenean ez zen atera.

Beste batean gauez sartu ziren, eta loteria lapurtu zuten: 28.527 zen zenbakia. Ordutik, lapurtutako zenbaki hori badaezpada urtero eskatzen dugu Gabonetarako. Urte hartan ertzainek ere erosi egin zuten, badaezpada.

Beldurrik sentitzen al duzue lanean?

Bai. Batez ere egun hauetan, kontuz ibiltzen gara.

Gustatzen al zaizue zuen lana?

Bai, polita da. Arriskua dauka, beti ez datozelako bat zenbakiak, baina ederra da, ilusioz datorren jendeari zortea banatzen ari garelako eta oso jende jatorra dagoelako Azkoitian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide