Familiarekiko eta bizilagunekiko erlazioa baloratu dute gehien herritarrek Azkoitia Lagunkoiaren inkestan

Maxixatzen.eus 2017ko aza. 27a, 12:22

Familiarekiko, bizilagunekiko eta lagunekiko erlazioa da herritarrek hobetoen baloratzen duten alderdia, Azkoitia Lagunkoiak eta Udalak elkarlanean egindako inkestak agerian uzten duenaren arabera.

 

Uda aurretik Azkoitiko etxeetan banatutako 5.500 inkestetatik, 591 jaso dira beteta. Nekane Larrañaga zinegotziak eskerrak eman nahi izan dizkie erantzuna emandako guztiei. Erantzundako inkesta horietan, gainera, «60 pertsona inguruk parte hartzeko edota informazio gehiago jasotzeko borondatea aurkeztu du», azpimarratu du Larrañagak. «Borondate prestutasun hori altxor bezala gordeko dugu», gaineratu du. Azkoitia Lagunkoiak, aste honetan bertan, emaitzak zehatzago azalduko dizkie izena emandako kide horiei guztiei.

Beste herriekin alderatuta «portzentaia altuena» izan duen herria Azkoitia izan dela jakinarazi du Txema Urrutia Azkoitia Lagunkoia taldeko parte hartzaileak. Galdeketa martxan jarri zen helburu batekin. Alegia, jakite aldera zenbateraino den Azkoitia herri lagunkoia pertsona nagusientzat. Proiektuak bilatzen duena da diagnosia egitea lanean bide zuzenetik jarraitu ahal izateko, herri lagunkoia eraikitzeko, zahartzaro aktiboa eta partaidetza sustatuz.

Emaitzak alde batera utziz, sustatzaileen ustez «partaidetza altua izan da» eta euren «eskerrik onena» helarazi nahi die galderei erantzuteko denbora hartuz, parte hartu duten herritar guztiei. 65 urtetik beherakoen erantzunak ia 200 inguru izan dira (%30). «Adin nagusiko pertsonei zuzendutako inkesta da, baina kuriosoa da datu hori», azaldu du Urrutiak. Emakumeen parte hartzea azpimarratu du ,bestetik, Urrutiak. Inkesten %60a emakumeek erantzundakoak izan dira.

Azkoitia Lagunkoiak bederatzi eremu ditu aztergai eta horien bueltako galderak egiten ziren inkestan. Horien artean, inkesta bete dutenek hobetoen baloratzen dutena familiarekin, bizilagunekin eta lagunekin duten harremana da. 7,73 punturekin baloratu dute. Garraioari 7,06 puntu eman dizkie eta osasun eta gizarte zerbitzuei 6,68. 

«Balorazio positiboa» jaso dute, halaber, denbora libreak 6,56 punturekin; pertsona nagusiekiko errespetuak eta haien inklusioak 6,52rekin; parke eta aire libreko guneek 6,47rekin eta etxebizitzak 6,04 punturekin. Azken bi esparruei dagokienez, partaidetza soziala 5,98 punturekin baloratu dute eta komunikazioa, 5,71rekin.

Inkestatik ondorioztatutako emaitza nagusiak dira horiek. Orain, Azkoitia Lagunkoiaren talde eragilea balorazioa egiten ari da atalez atal, eta aldi berean hobetze proposamenak jasotzen. Lehenengo lan lerro gisa komunikazioaren gaia landu du. Ondorioz, informatika eta Internetari buruzko ikastaroak antolatu dira adin nagusiko pertsonentzat, «baliabideak erraztu eta aukera berriak eskaintzeko adineko pertsonei», azaldu du Mikel Etxaniz beste partaideak. Ikastaroak Kzgunean ematen ari dira.

Etxanizek esan duenez, «Azkoitiko talde eragileak urtebete inguru darama lanean». Hilean behin, normalean hilabeteko hirugarren asteko asteazken arratsaldeetan biltzen da Elkargunean, 18:00etatik 19:00etara. «Taldea irekia da eta interesa duen edonork ateak zabalik ditu», azaldu du Etxanizek.

Bere aldetik, Udalak «tinko» eusten dio hartutako konpromisoari eta bere esku dagoena egiteko borondate osoa du pertsona nagusien bizi kalitatea eta autonomia hobetzeko bada. Hain justu, aurreko maiatzean sinatu zuen Udalak formalki Euskadi Lagunkoia Sustraietatik sarera atxikitzeko akordioa.

Euskadi Lagunkoiaren programa bera egiten du Azkoitikoak ere, eta Etxanizek adierazi dutenez, «Azkoitia lehen urratsean dago, hots, diagnostikoan». Ondoren etorriko dira ekintzen ezarpena, ebaluazioa eta azkenik etengabeko hobekuntza.

Momentu honetan, Udala «ahalegin handia» ari da egiten irisgarritasuna hobetzeko. Halaber, zerbitzuei dagokienez «aurrerapauso garrantzitsua» izan da Hurkoaren bulegoaren irekiera Azkoitia lagunkoiagoa egite bidean. Azkoitia Lagunkoiaren lanari esker, Azkoitia Age-friendly Environments Programme sarearen kide da, Euskadiko beste 40 udalerrirekin batera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide