Azkoitiarrak Reala animatzen Norvegian

Maxixatzen.eus 2017ko aza. 25a, 13:13
Eurreee taldeko kideak Igor Zubeldia eta Xabi Prieto Realeko jokalariekin.

Herriko hainbat realzalek Anoetara Reala animatzera joateko bidea ondo ezagutzen duten arren, Europa League txapelketan ere gertutik ari dira babesten txuri-urdinak. Izan ere, Azkoitiko Eurreee taldea Norvegiako Trondheim hirian izan da, joan den osteguneko Rosenborgen eta Realaren arteko neurketa bertatik bertara jarraitzeko. Iban Sudupe 'Montte', Eurreee taldeko kideak Maxixatzeni kontatu dio Norvegian bizitakoa:

 

Zortzi azkoitiar joan ziren Eurreee taldearen ordezkari bezala, baina «hirian beste lau azkoitiar ikusi genituen, haiek ere Reala ikustera joanak», azaldu du Iban Sudupe 'Montte', Eurreee taldeko kideak.

Asteazken goizaldean abiatu ziren Norvegiarantzat, baina lehenik Amsterdamen (Herbehereak) eskala egin beharra izan zuten. Herbehereetako hiriburuan sei ordu pasatu zituzten Norvegiara eramango zituen hegazkina hartu aurretik.

Behin Norvegiako Trondheim hirira iritsita, Realeko jokalarien hotel berdinera joan ziren, eta jokalariak hainbat unetan hitz egiteko aukera izan dute. «Sekulakoa izan da Realeko jokalarien hotel berdina tokatzea: gimnasioan Mikel Labakarekin egon ginen eta bazkaltzen Jokin Aperribay presidentearen ondoan, esaterako. Mundiala izan da», dio Sudupek. «Igor Zubeldia harrituta geratu zen gu ikustean. Asko eskertu zigun bisita», gaineratu du.

Turismo pixka bat egin ondoren, garagardo batzuk hartzeko ere aprobetxatu zuten hirian. «Partida egunean taberna batean realzale mordo bat bildu ginen, eta musika jartzen ere utzi ziguten. Azkoitiarrak DJ lanak eginez ibili ginen. Mikel Laboran 'Txoria txori' abestu genuen denok. Ederra benetan unea. Handik zelaira joan ginen partida ikustera kalejiran. Giro bikaina zegoen zelaian. Eurreee talde bezala Europan lelengo irteera egin dugu. Gure pankarta asko gustatu zaio jendeari», esan du Sudupek.

 

Gustura itzuli dira Norvegiatik Realak azken unean lortutako gol bati esker Europa Leagueko final hamaiseirenetako sailkapena lortu baitu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide