Euskara Mahaiak herriko eragileak parte hartzera gonbidatu ditu Euskararen Egunean

Maxixatzen.eus 2017ko aza. 27a, 12:05
Iaz Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan egin zen ekitaldiko argazkia.

Azkoitiko Euskara Mahaiak herriko taldeei eta eragileei gonbidapena luzatu die aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunean parte har dezaten, eurei emanez protagonismo osoa. Urtero abenduaren 3an ospatzen da Euskararen Eguna, baina igandea denez eta herriko ikastetxeek ere parte hartzen dutenez, aurten abenduaren 4an, astelehenean, ospatuko da Azkoitian.

 

Egun horretarako, Euskara Mahaiak 19:00etarako deitu ditu herriko taldeak. Plaza goraino betetzea da asmoa. Talde bakoitzak, kide baten ahotik, mezu bat irakurriko du: “Zer da zuretzat euskara?” galderari erantzun beharko diote. Ondoren, denen artean mural bat osatuko da hizkiekin, lelo hau osatu arte: “Axkoittixek euskeraz bizi nahi du”.

Amaiera emateko, Erniarraitzeko bertsolariek prestatutako bertsoa abestuko da plazan.

Loturan bertsoa entzungai.

Doinua: Bizitza kantu bat da.

 

Batzuentzat arrotza

besteen arnasa

dabil kalerik kale

dabil plazaz plaza

izan daiteke testu,

solasa, jolasa,

izan aurrez aurreko

edo mezu jasa

zuk nahi duzun moduan

hartu eta pasa!

 

“Euskarak guztiok behar gaitu, eta herrigintzan ari garen talde guztion konpromisoa beharrezkoa da, hizkuntza bizirik mantentzeko. Ahalegin horretan egunero egiten ari zareten lana plazara atera nahi dugu”, dio Euskara Mahaiak.

Aurten Euskara Mahaiak ideia lehiaketa antolatu du Euskararen Eguneko egitaraua berritzeko eta hain justu, lehiaketan irabazle suertatu diren ideiak gauzatuko dira. Besteak beste, eragileek parte hartzeko aukera luzatzea.

Herriko taldeez gain, ikasleak dira beste protagonistak. Euskararen Egunaren bueltan, gutun trukaketa egiten ari dira Azkoitia BHIko, Xabier Munibe Ikastolako eta Floreaga Salestar Ikastetxeko ikasleak euren artean. LH5, LH6 eta DBHko gaztetxoak ari dira parte hartzen, eta horietako zenbait gutun ikastetxeekin eguerdian egingo den ekitaldian irakurriko dira plazan.

Egun berean, LH1-4 ikasturtekoek, berriz, “Euskara hegan” ekimena burutuko dute. Puxikak aireratuko dituzte, barruan euskararen inguruko mezuak sartuta.

Euskara Mahaia osatzen duten erakunde eta eragileak honako hauek dira: Udala, AEK, Hitza, Maxixatzen Euskaldunon Elkartea, Erniarraitz Bertsozale Elkartea, AEK, Bizilore, Floreaga Ikastetxea, Xabier Munibe Ikastola, Azkoitia BHI eta Urola Lanbide Eskola.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide