XV. Kudeaketa Topaketak egin dituzte, Iraurgi Berritzenek antolatuta

Maxixatzen.eus 2017ko aza. 17a, 12:28
Argazkiak: Udala

Iraurgi Berritzenek atzo goizean Elkargunean bildu zituen erakundea osatzen duten hiru udaletako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, hogei bat enpresetako eta ikastetxeetako ordezkariak elkarrekin martxan dituzten proiektuen balorazioa egin eta datorren urteko ekintza planean txertatu beharreko erronkak definitzeko.

 

Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako Udalen Berrikuntza eta Garapen agentziak urtero ospatzen dituen Topaketen XV. edizioa izan zen atzokoa. «Soluzioak bilatzeko borondatea behar da, nahi bat egon behar du eta hori badago hemen, beraz koordinatzen joaten garen heinean, emaitzak iritsiko dira orain arte bezala», esan zuen Javier Zubizarreta alkateak.

Zubizarretak bidelagun izan zituen Ana Azkoitia eta Marijose Arregi zinegotziak. Halaber, parte hartu zuten Eneko Etxeberria eta Josetxo Mendizabal, Azpeitiko eta Zestoako alkateek, Ekonomia Sustapeneko diputatu Ainhoa Aizpuruk eta bailarako enpresa eta formakuntza alorretako ordezkaritza zabal batek.

Taldeka, eremu ezberdinetan ikusten dituzten ahulguneak eta gabeziak mahaigaineratzen eta konponbidea jartzeko moduak aztertzen saiatu ziren. «Dinamika aberasgarria izan da, batik bat, interakzioa profil ezberdinetako pertsonen artekoa izan delako», azaldu dute udaletik.

Iraurgi Berritzenen misioa «estrategia amankomun bati erantzungo dien tokiko politikak ezartzea da», azaldu zuen erakundeko zuzendari Begoña Beobidek. Egun, garapen agentziak aktiboki 80 enpresekin egiten du lan. 

Iraurgi Berritzenen lan ildo nagusietako bat, beste askoren artean, enpleguaren sustapena da, eta hainbat programa ditu martxan helburua betetzeko. «Zenbakiak dira –esan zuen Ana Azkoitiak- egiten ari garena hobetoen erakusten dutena. 'Txertatu Merkatuan', 'Hazilan' eta 'Bidelan' programetan 48 lagunek hartu dute parte 2017an eta horietatik 25 lanean ari dira. Kontutan hartuta 'Bidelan' programa oraindik ez dela amaitu, eta 11 pertsona ari direla parte hartzen, horiek kenduta, emaitza oso ona da».

Programez gain, «urolanprest.eus webgunea martxan jartzeak Iraurgi Berritzen enpresen erreferente bihurtu du langileak bilatzeko orduan», azaldu zuten. Kudeatzen duen Enplegu Zentroak 935 erabiltzaile ditu eta horietatik 519 dira langabetuak. Gainontzekoak lana aldatu edo hobetu nahi dutenak dira. 2016an, 71 lan eskaintza kudeatu zituen zentroak eta 2017an, 163. «Igoera nabarmena» izan duela adierazi dute.

Iraurgi Berritzenek dituen proiektuen artean, Enplegu Aztarnategia abiatu dute. Aurten, bailarako 36 enpresa elkarrizketatu dituzte. Enpresa horiek guztira 2970 langile dituzte, eta sektore ezberdinetakoak dira: makina-erraminta, galdaragintza, energia berriztagarriena, altzairugintza eta automobilgintza.

Oraindik datuen estrapolazioa egin ez den arren, «ondorio interesgarriak» atera dituzte. Esan dutenez, «hiru urteren buruan elkarrizketatutako enpresek 202 langile berriren beharra izango dute, horietatik erdiak produkzio lanetarako».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide