Harria esku batetik bestera

Urola Kostako Hitza 2017ko aza. 3a, 16:00
Goenatxotar aita-semeak entrenamendu txokoan. (Ihintza Elustondo)
Plazetatik erretiroa hartuta dagoen arren, harriari lotuta jarraitzen du Juan Jose Unanuek. Egun, Jon semea entrenatzen du etxean horretarako duten tokian.

 

Azkoitiko Urrategi auzoan, bide bazterrean jarrita dauden harriek  markatzen dute Uitte Berri baserrirako bidea. 20:00ak jo berri ditu eta ilun dago inguruetan. Baina, baserrira hurbildu ahala, argitasuna nabari daiteke atarian. Ez daude lo etxe horretan. Garaje itxurako gela batetik datoz argi izpiak. Hantxe, “zup eta zup”, eta “altxa, altxa!”, ari dira Juan Jose (1959, Azkoitia) eta Jon Unanue (1992, Azkoitia) goenatxotar aita-semeak. Jolasean bezala ari dira, 200 kiloko harria gora eta behera.

Euskal Herrian izan den harri-jasotzaile entzutetsuenetako bat izango da aita. 239 kiloko kubikoa jasotakoa da –beste inork ez du lortu hori–, eta 200 kiloko harria minutu batean zazpi aldiz jasotzea ere lortu zuen. Marka bat baino gehiago onduta, duela hiru urte utzi zuen harri-jasotzea. “Zergatik utzi nuen? 58 urte dauzkat e!”. Ordutik, semea entrenatzen aritzen da. “Entrenatzen edo… Ni, batez ere, saltseroa naiz”, dio. Zer izaten den, bat hasi eta besteak haren bidea segi. Semeak argi dio aitak transmititu diola harriarekiko afizioa. “Bestela ez nintzateke honetan arituko”.

Irakurri erreportaje osoa, hemen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide