Azkoitia Lagunkoiak informatika eta Internetari buruzko ikastaroak antolatu ditu adin nagusiko pertsonentzat

Maxixatzen.eus 2017ko urr. 27a, 12:08
(Argazkia: Udala)

Azkoitiko Udalak, Azkoitia Lagunkoiaren eskutik, zahartzaro aktiboa eta osasungarria sustatu nahi du. Hori bultzatzeko, lantzen ari den proposamen ezberdinen artean, adin nagusiko pertsonei zuzenduriko ikastaroak antolatu ditu datorren hilabeterako.

 

«Azkoitia Lagunkoia taldetik nahi duguna da adinduen bizi kalitatea hobetzea eta horrek esan nahi du garapenerako aukerak eskaintzea, bizitzeko modu osasungarriak, sozialak eta parte-hartzaileak indartuz», azaldu du Nekane Larrañaga zinegotziak. «Taldeak ekimen ezberdinak aztertu ostean, informatikako eta interneteko ikastaroekin hastea erabaki da».

Ikastaroen helburua da informatika mundura hurbiltzeko aukera eskaintzea. Lehenengo ikastaroa azaroaren 13tik 17ra emango da Zure lehenengo urratsak informatika munduan izenburupean. Hamar orduko iraupena izango du ikastaroak, eta saioak 18:00etatik 20:00etara izango dira.

Bigarrenean internetari buruzko oinarrizko ezagupenak erakutsiko dira. Azken hau azaroaren 14tik 27ra izango da eta partaideek, besteak beste, nabigatzen edota posta elektronikoak bidaltzen ikasiko dute. Ikastaro honek 20 ordu izango ditu eta 16:00etatik 18:00etara izango dira saioak.

Ikastaro biak Elkargunean izango dira, bertan KzGuneak duen gelan. Bata zein bestea doakoak dira eta izen emate epea jada zabalik dago. Interesa dutenek 943 02 36 19 telefonora arratsaldez deitu dezakete inskribatzeko, edota tutor.azkoitia@kzgunea.net helbidera idatzi.

Emozioei buruzko tailerra

Informatikako ikastaroen ostean, Azkoitia Lagunkoiak emozioen inguruko tailerrarekin emango dio jarraipena bere jarduerari. Matia Fundazioarekin elkarlanean antolatuko da tailerra eta adituen eskutik, arlo psikologikoa landuko da. Datorren urte hasieran izango da, baina oraindik ez da data zehaztu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide