Etorkin-familiek eta ikastetxeek «positiboki» baloratu dituzte euskara maila indartzeko errefortzu eskolak

Maxixatzen.eus 2017ko urr. 26a, 13:25

Ikastetxeek eskatuta, Mundukoloreak 2006an jarri zen martxan. Esperientzia pilotu bat egin zen urte hartan, eta ordutik urtero landu da.

Aurtengo ikasturtean 29 ikaslek hartzen dute parte Udalak urtero martxan jartzen duen Mundukoloreak programan. Helburua da etorkin-familietako umeek euren euskara maila hobetzea eta horretarako astean zehar biltzen dira AEK-ko irakasleekin. Aisialdiaz gozatzearekin batera, errefortzu eskolak jasotzen dituzte hizkuntza praktika eta jolasa uztartuz.

 

Euskara zinegotzi Marijose Arregi eta udaleko euskara teknikaria aste honetan bildu dira etorkin familiekin, ikastetxeetako arduradunekin eta AEKko irakasleekin egitasmoaren aurreko urteko balorazioa egiteko eta aurtengo ikasturtea aurkezteko. 24 familia zeuden deituta eta 21ek hartu zuten parte bileran.

«Bai gurasoek eta bai eskoletako arduradunek modu positiboan ikusten dute Mundukoloreak programa eta duen garrantzia» azpimarratzen dute antolatzaileek.

Aurtengo ikasturtean, Lehen Hezkuntzako 19 ume eta DBHko 10 gaztetxo dabiltza. LHkoak eguerditan biltzen dira eta  DBHkoak arrratsaldeetan elkartzen dira. Azken horiek bi taldetan banatzen dira duten euskara mailaren arabera.

Udalak 23.066 euro bideratzen ditu urtero Mundukoloreak programa garatzeko.

«Egia da umeek eskoletan azkar ikasten dutela euskara baina kontutan hartu behar dugu etorkin familietako seme-alaba hauek herri, jende eta kultura arrotzarekin egiten dute topo eta laguntza bat oso ondo etortzen zaie nahikoa zama badutelako aurretik eta hizkuntza elementu integratzaile garrantzitsuena delako. Eskolan eta kalean, gizartean, hizkuntza inportantea da eta uste dut, zentzu horretan Mundukoloreak programak bere ekarpena egiten duela eta Udaletik bultzatzen jarraituko dugu», dio Marijose Arregi Euskara zinegotziak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide