Beningo kaleko umeen aldeko eguna egingo du zapatuan Floreagako Solidaritate Taldeak

Maxixatzen.eus 2017ko urr. 25a, 10:33
(Argazkia: Floreaga)

Datorren zapatuan, urriaren 28an, Solidaritate Pintxo eta Bigarren Eskuko denda eguna egingo du Floreaga Salestar Ikastetxeak, Kontzejupean. Alai Batzak, berriz, umeentzat jolasak antolatuko ditu herriko plazan.

 

«Lehenik eta behin Floreagako Solidaritate Taldeak eskerrak eman nahi dizkizue Gazteak eta Garapena taldearen ekintzetan ematen duzuen laguntza handiarengatik», azaldu du Juan Inazio Sudupe arduradun nagusiak.

Pintxoen eta bigarren eskuko dendako salmentan lortzen den diru guztia Beningo Cotonou eta Porto Novoko kaleko umeen alde Salestarrek dituzten proiektuei bidaliko dute. Hori horrela, etxean prestatutako pintxo, tortila, bizkotxo, postre eta antzekoak Kontzejupera eramateko deia egin diete herritarrei, 09:30etatik 10:30etara bitartean. Azkoitiko elkarteei, harategiei, okindegiei eta tabernariei ere egin diete eskaria. Bigarren Eskuko Denda ere jarriko dute, eta gauzak Floreagara eraman daitezkeela adierazi dute taldetik.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide