Xabier Munibe Haurreskolako jolastokia estali du Udalak

Maxixatzen.eus 2017ko ira. 29a, 09:11
Haurreskolako eta Udaleko ordezkariak, haurreskolan.

Xabier Munibe Haurreskolako umeek ez dute meteorologiaren kapritxoen arabera ibili beharrik izango geletatik kanpora ateratzeko. Gurasoak eta Haurreskolako arduradunak aspalditik ari ziren eskatzen jolastokia estaltzeko jolas-orduan haurrak kanpora atera zitezen egunero, eta ez euririk egiten ez duen egunetan bakarrik, orain arte hala izaten baitzen.

 

Udalak, «beharra ikusita», 113.000 euro inbertitu ditu gunea estaltzen. Bi estalpe dira; horietako batek eraikinaren aurrekaldea babesten du eta besteak, atzekaldea. Estalpea egiteko egurrezko egitura bat jarri da, eta gainean estaldura zeharrargia instalatu da. Lurrean zoladura ere berritu da.

Horrez gain, lehenengo solairuan balkoia eta larrialdietako eskailera metalikoa dagoen eskailburua lotzen dituen pasagune bat eraiki da. Horrela, umeek eta bertako langileek ez dute barruko eskailera nagusia erabili beharko lehenengo solairuko alde bat ebakuatzeko, segurtasun handiagoa bermatuz.

Javier Zubizarreta alkatea eta Marijose Arregi Hezkuntza zinegotzia bisitan izan ziren atzo haurreskolako lanak ikusteko eta zentroko arduradunekin batera aztertzeko. Udal ordezkariak Maria Uriarte Haurreskolako koordinatzailearekin, koordinatzaile-ordea den Maribi Benitezekin eta guraso elkarteko kide eta bertako hezitzailea den Maria Blancorekin bildu dira. Azken hauek pozik agertu dira esku-hartzearekin. «Egia esan gurasoak ere oso pozik daude eta guri sekulako jokoa ematen digu; bi aste atera gabe egondakoak gara eguraldiak laguntzen ez zuelako», diote. Eskaera berri bat ere egin diote Udalari. Alegia, atzekaldeko zelaira sarbidea egokitzea berdeguneari probetxua ateratzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide