11.500 euro eman dizkio Ttipi-Ttapak Aspanogiri

Maxixatzen.eus 2017ko ira. 27a, 19:57
Gaurko prentsaurrekoan izan dira Aspanogiko idazkaria eta lehendakari ordea, Mari Jose Seijas Aspanogiko guraso azkoitiarra eta Ttipi-Ttapa elkarteko hainbat boluntario.

Pozez eta ilusioz jakinarazi du Ttipi-Ttapa elkarteak II. Lasterketa Solidarioa dela-eta Azkoitian azken hilabeteetan batutako diru kopurua: 11.500 guztira. Gaurko prentsaurrekoan izan dira Aspanogiko idazkaria eta lehendakari ordea, Mari Jose Seijas Aspanogiko guraso azkoitiarra eta Ttipi-Ttapa elkarteko hainbat boluntario. "Beste behin Azkoitia herri eskuzabala dela erakutsi dugu", azaldu du Maialen Elorza Ttipi-Ttapa elkarteko ordezkariak. 

 

Joan den irailaren 23an izan zen lasterketa solidarioa, eta "oso emaitza onak" utzi ditu aurten ere, antolatzaileen esanetan. Lasterketaren helburu nagusia kirola eginez ondo pasatzea eta pirataxoei egunerokoan goixotasunari aurre egiten laguntzea izan dira. 

Duela bi urteko lehen lasterketa solidarioan 9.500 euro bideratu zituen Ttipi-Ttapak Katxalin elkartearentzat, eta aurten zifra hori gainditzea lortu dute, 11.500 euro bilduta. Guztira, 1.179 izen-emate jaso dituzte, horietatik 250 umeak. Aipatzeko datuak baita ere lasterketan parte hartu duten %75,8 emakumezkoa izan dela eta %84,5 azkoitiarra. Adin tarteari dagokionez, berriz, 35 eta 60 urte artekoak izan dira parte hartzaile gehienak. Bestalde, 48 sari banatu dituzte guztira, eta Azkoitiko Udalak 3.500 euroko laguntza eman du. Gainera, aurten inguruko enpresei esker 2.255 euro batu dituzte. 

Zerrenda luze horretako kide guztiei eta boluntario guztiei eskerrak eman dizkiete antolatzaileek, "egun borobila" atera zelako guztiei esker. Helburua bete dutela azaldu dute antoatzaileek.

Aspanogiko ordezkariek ere hartu dute hitza, eta eskerrak eman dizkiete lasterketa horretan lagundu duten guztiei, "ahalegin handia egin dutelako denek". Gaineratu dute, "umeek egunero barre egiteko" inbertituko dutela Azkoitian jasotako dirua, eta ondoren "eskuartean dituzten hainbat proiektuetara bideratzeko" erabiliko dutela; besteak beste, "Piratenea izeneko Donostiako familientzako pisuen kalitatea hobetzeko". 

 

Lasterketa solidarioan 11.500€ biltzea lortu du Ttipi-Ttapak Aspanogirentzat from Erlo Telebista on Vimeo.

Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide