Euskara egunerako ideia lehiaketa antolatu dute

Maxixatzen.eus 2017ko ira. 26a, 11:32
Euskara egunerako ideia lehiaketa abian da.

Euskararen egunerako, abenduak 3, egitaraua berritzeko balio dezaketen ideiak saritu nahi ditu euskara mahaiak. Horretarako, aurten lehendabiziko aldiz, ideia lehiaketa bat abiatu dute herritarren proposamenak jasotzeko. Lehiaketa gaztetxontzat antolatu da, eta, beraz, Azkoitiko ikastetxeetan egun DBHn, batxilergoan eta lanbide heziketan matrikulatutako ikasleek parte hartu ahal izango dute. Parte hartzaile bakoitzak gehienez hiru ideia aurkez ditzake.

 

 

Ideiak aurkezteko epea 2017ko irailaren 21ean hasi zen eta urriaren 6an amaituko da 15:00etan. Ideia eguerdian ikastetxeekin egiten den ekitaldirako ala arratsalderako den zehaztuz, deskribapen laburrarekin eta ezizenarekin sinatuta aurkeztuko da ideia aurkezteko orrian (deskargatu dokumentua).

Orriak aurkeztuko dira ikastetxeetako idazkaritza bulegoetan, udaletxeko harrera bulegoan edo euskara@azkoitia.eus posta elektronikoan. Aurrez aurreko orriak gutun-azal txikiarekin aurkeztuko dira. Gutun-azalak kanpotik ezizena eramango du idatzita eta barruan egilearen ezizena, izen-abizenak, adina eta telefonoa. Ideia posta elektronikoz aurkeztuz gero, mezu bakarrean bi fitxategi bidaliko dira, batean ideia ezizenez sinatuta eta bestean egilearen datuak: ezizena, izen-abizenak, adina eta telefonoa.

Epaimahaia euskara mahaia izango da —Bizilore, Azkoitia BHI, Urola Kostako Hitza, Maxixatzen Euskaldunon Elkartea, Azkoitiko Udala, Floreaga Salestar Ikastetxea, Xabier Munibe Azkoitiko Ikastola, Urola Lanbide Eskola, Azkoitiko AEK eta Erniarraitz Bertsozale Elkartea taldeek osatzen dute—. Sariren bat eman gabe gera liteke epaimahaiaren iritziz aurkeztutako ideiak balorazio irizpideekin bat ez badatoz.

Sariak 2017ko urriaren 18an jakinaraziko dira komunikabideen bidez. Honako hauek izango dira irabazleen sariak:

 1. saria: 200€                         

 2. saria: 100€

 3. saria:   50€

HERRIXEN Merkatari Elkarteko establezimenduetan erabiltzeko bonoak izango dira.

Lehiaketari buruzko informazio gehiagorako deitu 943857175 (Jasone) telefono zenbakira edo idatzi mezua euskara@azkoitia.eus helbidera.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide