Joseba Diaz: «Gustura nago aurten ematen ari naizen mailarekin»

Maxixatzen.eus 2017ko ira. 13a, 08:09
Joseba Diaz, Trail Valle de Tena probako podiumean.

Pistan eta errepidean ere korrika aritzen da, baina mendiko lasterketetan du eskarmentu handiena Joseba Diaz Lopezek (Azkoitia, 1995). Horren adierazle dira azkenaldian lortutako sariak. Besteak beste, pasa den abuztuan Panticosako (Huesca) Trail Valle de Tena proba irabazi zuen. Hona hemen bere kirol ibilbideari buruz Maxixatzenek egindako elkarrizketa:

 

Zein lasterketetan parte hartu duzu aurten?

Otsailean hasi nintzen lehiatzen, eta ordutik hainbat kilometro bertikal, maratoi bat eta distantzi ertaineko lasterketak (20-30km) egin ditut. Besteak beste, honako herri hauetan lehiatu naiz: Zaramilloko Apuko kilometro bertikalean (Bizkaia), Azpeitian, Asturiasen, Leonen, Kanaria uharteetan eta Miranda Ebron (Burgos). Espainiako kopako lehian nabil, beraz, lasterketak Espainiako hainbat lekutan izan dira. Hala ere, oso urruti badira ez naiz joaten eta gertuago dauden lasterketetara joaten naiz.

 

Gainera, lehen postuetan zabiltza.

Bai; gustura nago aurten ematen ari naizen mailarekin. Ez nuen espero horrelako emaitza onak lortzea. Gainera, postuetaz gain, neure sentzazioak ere asko hobetu dira.

 

Pasa den abuztuan Trail Valle de Tena proba irabazi zenuen.

Urteak daramatzat Pirinioetara joaten, eta oso gustuko ditut bertako mendiak eta herriak. Lasterketa hori Panticosa (Huesca) izeneko herrixkan izan zen. Niretzat badu zerbait berezia leku horrek; izan ere, inguru horietan igo nuen nire lehenengo 3.000 metroko mendia.

 

Espero al zenuen proba irabaztea?

Entrenamenduak ondo joan ziren; beraz, espero nuen aurrean ibiltzea, baina irabaztea beti da zaila.

 

Proba gogorra al da?

Distantziari eta desnibelari dagokienez ez da oso gogorra. Gogortasuna mendien altuerak eta inguruak berak ematen dio.

 

Datozen hilabeteetan beste lasterketaren batean lehiatuko al zara?

Denboraldia luzea izan da, eta hilabete barru amaituko dut. Irailaren 24an Monkayoko (Soria, Espainia) kilometro bertikalean parte hartuko dut eta urriaren 7an Madrilera joango naiz Espainiako Kopako azken proban lehiatzera.

 

Zein helbururekin joaten zara lasterketetara?

Ahal dudan mailarik altuena ematera eta gozatzera.

 

Mendiko probetan aritzen al zara beti?

Iazko abenduan 3.000 metro pistan egin nituen, bederatzi minututik jaisteko asmoz. Aurreko urteetan krosak ere egin izan ditut, baina orain mendian bakarrik nabil. Denetarik egitea gustatzen zait, lasterketaren arabera modalitate bat edo beste.

 

Zer egin behar da emaitza onak lortzeko?

Lana eta lana. Gogor entrenatu, janaria zaindu…

 

Nolako prestaketak egiten dituzu?

Aurtengo emaitzak Josu Larrañaga "EPI" azpeitiarrak jarritako entrenamenduei esker lortu ditut. Berak planifikatzen du asteroko lana eta denetik eginarazten dit: mendiko nahiz errepideko lan saioak, pisu lanak…

 

Muturreko lasterketetan parte hartzea ez dela goraipatu behar uste dute batzuek. Zer iritzi duzun horren aurrean?

Egia da antolatzaile askok burua galdu dutela eta zentzurik gabeko muturreko probak antolatzen dituztela. Jendeak ere zentzua galdu du, inongo prestakuntzarik gabe muturreko lasterketetan sartzen dira eta gero arazoak etortzen dira. Orain dela urte batzuk maratoi bat amaitzea izugarria zen, gaur egun, ordea, maratoia distantzia motzeko lasterketatzat hartzen dute batzuek.

Bestalde, prestatuta dagoen jendeak, esperientzia duenak, entrenamendu egokia eraman duenak… ez du inolako arazorik horrelako lasterketa batean parte hartzeko.

Azkenaldian mendiko maratoiek izugarrizko oihartzuna dute. Kilian Jornetek eta beste askok kalte handia egin dutela uste dut. Izan ere, beraiek erraz egiten dituzte horrelako lasterketak, eta askok uste dute erreza dela. Baina lorpen horien guztien atzetik entrenamentu gogorrak daude eta, batez ere, fisiologia paregabea.

 

Gorputzari eman dezakeena baino gehiago eskatu al diozu inoiz?

Bai; neu ere zentzua galduta ibili nintzen hasiera batean. 18 urterekin eta inolako prestaketarik gabe 65 kilometroko mendi larterketa bat egin nuen. Amaitzea lortu nuen, baina egoera nahiko txarrean. Ordutik asko ikasi dut, eta orain ez nahiz joaten horrelako lasterketetara ez baldin banago prest.

 

Zenbat ordukoa izan da egin duzun probarik luzeena?

11 ordu eta 65 kilometrokoa.

 

 

Amets bat | Horrela jarraitzea

Janari bat | Pasta, edozein eratan

Mendi bat | Kakute

Herri bat | Azkoitia

Urtaro bat | Udaberria

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide