Ttipi-Ttapa elkartea: «Duela bi urteko zifrak berdintzea edo gainditzea da aurtengo helburua»

Maxixatzen.eus 2017ko ira. 6a, 23:18

II. Lasterketa Solidarioa izango da irailaren 23an, eta gaur, asteazkena, aurkeztu dute ekimena antolatzaileek. Egun horretan lortutako dirua Aspanogi Gipuzkoako haur minbizidunen guraso elkartearentzat izango da, eta antolatzaileen aurtengo erronka duela bi urte lortutako diru kopurua "berdintzea edo gainditzea" da. Gainera, egun osoko egitaraua prestatu dute, eta herritarrak ekintzetan parte hartzera gonbidatu dituzte.

Gaurko prentsaurrekoan izan dira Maialen Elorza eta Jose Antonio Zulaika Ttipi-Ttapa elkarteko ordezkariak, Angel Martin Udaleko kirol zinegotzia eta Mari Carmen Seijas Aspanogi elkarteko kidea. 

Hilaren 23rako guztira hiru lasterketa antolatuko dituzte, adinaren arabera sailkatuta. Umeen lasterketa 17:00etan hasiko da eta helduena 18:00etan. Lasterketa nagusia lau kilometrokoa izango da, eta oinez egiteko aukera egongo da. Nagusien izen-ematea, aurrez, 10 euro izango da eta egunean bertan 15 euro. Umeena, berriz, 3 euro kostako da. Proban izena eman daiteke oraindik ere, eta izen-ematea "martxa onean" doala jakinarazi dute antolatzaileek. 

Bestalde, prentsaurrekoan gogorarazi dute Ttipi-Ttapak duela bi urte antolatutako lasterketari esker 9.500 euro lortu zituela, eta bildutako diru hori Katxalin bularreko minbiziaren aurkako elkartearentzat izan zen.

 

Ttipi-Ttapan parte hartzeko bilera

Ikasturte berrian Ttipi-Ttapan hasi nahi herritarrei gonbidapena egiteko ere aprobetxatu dute gaurko prentsaurrekoa. Bilera irekia egingo dute irailaren 13an, eta taldean atletismoa eta mantentze gimnasia landu nahi dutenei zuzendua izango da. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide