Bartzelonako eta Cambrilsgo atentatuak gertutik jarraitu ditu Saloun dagoen azkoitiar batek

Maxixatzen.eus 2017ko abu. 21a, 13:27

Emakume azkoitiar bat Saloun (Katalunia) dago oporretan, eta bertan egongo da hilaren 26ra arte. Abuztuaren 14an iritsi zen bertara, eta aurkitu zuen giroa ezohikoa izan zela adierazi dio Maxixatzeni Saloutik:

 

«Abuztuaren 14an iritsi ginen, eta hurrengo egunean giro arraroa aurkitu genuen. Polizia asko, Mossoak... Anbulantzien presentzia ere handia zen, eta zer esanik ez 20:00etan. Meza bukatu berri zen, eta Ama Birjinaren prozesioa amaitu zenean su artifizialak eskaini zituzten. Nizakoa (Frantzia) gogorarazi zidan, eta haurra hartu eta hotelera joan nintzen laster batean. Kale bakoitzean polizia eta anbulantzia bat... Militarrak ere ikusten ziren tarteka, eta itsasoan polizien itsasontziak ikus zitezkeen. Zerbaiten susmoa edo informazioa zutela sumatzen zen kalean», adierazi du herritarrak.

«Urte askoan etorri gara Saloura, eta inoiz ez da horrela egon. Bartzelonakoa oso gogorra izan da, baita Cambrilskoa ere. Horren gertu, alboan ditugu bi hiriak. Gau horretan larritu ginen denok. Bi hiri horien ostean Saloura zetozela jakin genuen. Diskoteka guztiak itxi zituzten, eta jendeari etxera joateko deia egin zion poliziak. Jaime I.a kalea ez da betikoa, esaterako. Hormigoizko moldeak daude kotxeak ez pasatzeko. Aurreko urteetan jendea paseatzen ikusten baldin bazen ere, aurten ia hutsik dago. Inguruko kafetegietakoek ere hiria irailean dagoela ematen duela diote», kontatzen du azkoitiarrak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide