Iker Sarasua: «Helburu nagusia dantzan hobetzea eta ondo pasatzea izan da beti»

Maxixatzen.eus 2017ko uzt. 31a, 14:00

Iker Sarasua dantzari gazteak (Azkoitia, 2003) Gipuzkoako Bikote Gazteen LXII. Dantza Suelto Txapelketa irabazi zuen joan den ekainaren 3an. 2012an, 9 urterekin hasi zen txapelketetan, eta dagoeneko hiru aldiz sailkatu da lehen hiru postuetan.

 

Gipuzkoako dantza txapelketako txapela jantzi berri duzu. Zer-nolako bizipena izan zen?

Txapelketetan hasi nintzenean, zaila ikusten nuen txapel bat lortzea, eta helburu nagusia dantzan hobetzea eta ondo pasatzea izan da beti. Egindako lan guztiaren ordaina izan da Trintxerpen lortutako txapel hau, eta, horren ondorioz, poz handia sentitu nuen.

2015ean hasi zinen Enara Arrizabalagarekin txapelketetan, eta 2016an birritan lortu zenuten 3. saria. Indartsu hasi zarete, ezta?

Urte eta erdian asko hobetu dugu, lan handia egin dugu eta. Gogoa edukita eta asko saiatuta, hobekuntzak nabaritzen dira. 8 eta 16 urte bitarteko bikoteak gabiltza dantza solteko txapelketetan, eta maila ona dago.

Urteko zein sasoitan hasten da dantza solteko txapelketen denboraldia?

Maiatzaren 1ean hasten da denboraldia, Lazkaon, eta santomasetan bukatzen da, Azpeitian.

Aurten txapelketa gehiagotan parte hartzeko asmorik ba al duzue?

Bai. Zazpi bat txapelketatan parte hartzen dugu denboraldi osoan. Aurten, gainera, Azkoitian ere gazteen txapelketa izango da, eta parte hartzeko asmoa dugu.

Enara Arrizabalagarekin batera aritzen zara dantzan. Zer moduz konpontzen zarete elkarrekin?

Hasieran beste bikotekide batekin aritzen nintzen dantzan. Hark utzi egin zuen, eta, Enara eta ni bikotekiderik gabe geundenez, elkarrekin hasi ginen. Oso ondo konpontzen gara; neska jatorra da, eta dantzarako asko balio du.

Zein dantza eskolatara joaten zara? Noiz hasi zinen dantza klaseetara joaten?

5 urterekin hasi ginen Eneko anaia eta biok, Azpeitian, Luis Alberdi Beltza-k duen dantza eskolan. Nire lehengusu zaharragoak han zebiltzan, eta gurasoek eman ziguten izena euskal dantzak ikasteko asmoz. Txapelketa munduan, berriz, 2012tik ari naiz lehiatzen, 9 urte nituenetik. Dantzak ikasten joan naizen neurrian, zaletasun handiagoa hartu dut.

Ikasketak, futbola, dantza eta bestelakoak uztartzea erraza egiten al zaizu?

Aste guztia okupatuta daukat; dena dela, ondo daramat, gustuko jarduerak baititut.

Zer ematen dizu dantzak?

Lagunarte ederra izatea, euskal dantzak ikastea, herri mordoxka bat ezagutzea… Fisikoa ondo mantentzen ere laguntzen dit. Gehiena taldean daukagun giro ona gustatzen zait, eta gutxiena, berriz, dantzan akatsak egiten ditudan uneak.

Zenbat ordu eskaintzen dizkiozu dantzari?

Normalean, astean hiru ordu egiten ditut dantzan. Astean bi orduz txapelketetarako prestatzen gara, eta astean ordubetez euskal dantzak taldean ikasten ditugu.

Aurrera begira, zein dira zure asmoak, helburuak…?

Oraingoz, 16 urte egin arte gazteen dantza solteko txapelketetan parte hartzen jarraituko dut. Gerokoa oraindik ez dut pentsatu.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide