Talentua euskal industriarako: ikasgelatik Fabrikazio Aurreratuko lantegira

Maxixatzen.eus 2017ko eka. 21a, 09:33

Graduatu dira DANOBATGROUPen Muntatzaileen Tailer Eskolan makina-erreminten eta Fabrikazio Aurreratuko proiektuetako aditu izateko prestatu diren lehen promozioko ikasleak.


Ikasleek espezialitateko hirugarren kurtsoa bukatu dute; industri taldeak baino ez du ematen titulazio hau, eta enpresako heziketa zentroan goi mailako lanbide heziketa bukatu duten ikasleei eskaintzen die. Egiaztagiri honekin ikasleek fabrikazio inguruneen benetako funtzionamenduari buruzko ezagutzak eskuratzen dituzte eta errazago dute lan merkatuan sartzea.

Balio erantsi handiko makinak instalatzeko beharrezkoa da espezializazio maila handia
edukitzea. Hori dela eta, DANOBATGROUP makina-erreminten euskal fabrikatzaileak heziketa
zentro propioa du duela bost urtetik, benetako ekoizpen ingurunetara egokitutako prestakuntza
profesionala emateko.

2012az geroztik industri taldeak Lanbide Heziketa duala (LH) ematen du bere eskolan,
prestakuntza eta lana txandakatuz. Sistemak, funtsean, oinarri teoriko sendoak eta benetako
ekoizpen plantetan eskuratutako esperientzia konbinatzen ditu.

Halere, enpresak erabaki zuen beste urrats bat gehiago ematea ikasleen espezializazioan,
hirugarren urte bat gehituta. Kurtso berria ohiko gradua osatzen duten bi kurtsoei batuko zaie.
Modu horretan, konpainiak lortu du modeloa hobetzea, ikasleen trebakuntza areagotzea eta
ikasleak ekoizpen plantetako premietara egiteko behar duten denbora murriztea.

Hiru urteko sistema berritzaile honek eman dituen graduatuen lehen promozioak bere titulua
lortu berri du, Fabrikazio aurreratuko makina-erreminten proiektuak prest jartzeko lanetako
espezialista egiaztagiria deritzona. Eusko Jaurlaritzak homologatuta dago eta Mekatronikako
Goi Mailako Prestakuntza Zikloa eta espezializazio urtea amaitu ondoren ematen da.

Esperientzia balio gisa

Titulazio honen ezaugarri nagusietako bat da ikasleek fabrikazio ingurune operatiboen gainean
eskuratzen dituzten ezagutzak.

“Deigarria egin zitzaidan enpresaren garrantzia eta hiru urteko prestakuntza izatea, gehiago
ikasteko aukera ematen dizulako. Benetako materialekin egin dugu lan, benetako
instalazioetan”, ziurtatu du Mikel Diazek, titulazioa jaso berri duen ikasle batek.


Bere iritziz, prestakuntzaren elementurik garrantzitsuenetako bat da bere pertsonalizazio maila
handia eta trebakuntza ezagutza praktiko berriekin osatzeko ematen dizun aukera.

“Hirugarren urte horretan ikastaroak gugan pentsatuta izan dira, prestakuntza
pertsonalizatuagoa izan da, benetako makinak jarri ditugu prest eta orain, tailerrean nagoela,
konturatzen naiz hasi berria banaiz ere tailerrean aspaldi ari diren lankideek dituzten ezagutza
berberak ditudala”, gaineratu du Diazek.

Ikaslearentzat, aparteko urte hori “elementu bereizgarri bat da bere curriculumean, bi urteko
lanbide heziketa egiten duten pertsonen aldean”.

Taldeko Giza Baliabideetako zuzendari Ainhoa Fernandezen ustez, espezializazio
egiaztagiriaren ikasketak egin dituzten ikasleen lehen promozio honen graduazioarekin taldeak
giza kapitalaren prestakuntzaren alde egiten duen apustua sendoagoa da"

“Guretzat, Muntatzaileen Tailer Eskola proiektu estrategikoa da, eta pertsonekin eta pertsonen
proiekzio profesionalarekin dugun konpromosioa erakusten du”, zehaztu du Fernandezek.

Konpromiso historia bat

Muntatzaileen Tailer Eskola funtsezko heziketa proiektua da enpresarentzat, baina euskal
industri ehuna garatzen ere laguntzen du.

Eskola 2012an sortu zen eta taldearen instalazioetan kokatuta dago, Elgoibarren. Lanbide
Heziketa duala eskaintzen du, prestakuntza eta lana txandakatuz, eta sistema horrekin ikasleek
benetako ekoizpen inguruneetan ezagutza praktikoak eskuratzen dituzte, bai eta hizkuntzak
ikasi, lan arriskuen prebentzioaren gaineko ezagutzak hartu, atzerriko egonaldiak egin eta
normalean ikastetxeetan ematen ez diren beste ezagutza espezifiko batzuk, zeinak ikasleen
ikasketen curriculumaren osagarri baitira.

Alemanian arrakasta eduki ondoren sortu zen heziketa gune hau; izan ere, Alemanian enpresek
jada garatzen zuten heziketa sistema hori beren instalazioetan.

Modeloa indartzen jarraitzeko, pasa den martxoan Gipuzkoako konpainiak hitzarmen bat izenpetu zuen Iñigo Urkullu lehendakariarekin, LH dualeko proiektuak bultzatzeko eta industri ehunaren premiei erantzungo dien espezializazio profil berrien sorrera lantzeko.

Martxoan izenpetu zen hitzarmena beste aurrerapauso bat da DANOBATGROUPen eta euskal
erakundeen artean dagoen harreman onaren barruan, komunitate akademikoaren eta lan
merkatuaren arteko loturak indartzen batera ari dira eta.

DANOBATGROUPi buruz

DANOBATGROUP industri talde bat da eta makina-erreminten fabrikazioan, balio erantsi
handiko osagaien fabrikaziorako garapenetan, giltza eskura erako ekoizpen sistemetan eta
zerbitzu teknologikoki aurreratuetan espezializatuta dago.

1.300 pertsonako plantilla dauka, eta sektore estrategikoetarako soluzio integralak garatu eta
saltzen ditu, esaterako, trenen sektorerako, eta energiaren sorkuntzaren edo aeronautikaren
sektoreetarako.

DANOBATGROUP Mondragon Korporazioko makina-erremintaren dibisioa da, Europan dagoen
industri talde handienetakoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide