Musbika Ensemblek itxiko du datorren zapatuan Udaberriko Musikaldia

Maxixatzen.eus 2017ko mai. 25a, 09:22

2016aren amaieran sortu zen Musbika Ensemble taldea ganbera musika zabaltzeko asmoz eta zapatu honetan, maiatzaren 27an, Santa Krutzeko komentuan izango da, 26. Udaberriko Musikaldiari itxiera emanez.

 

Kontzertua ohiko ordutegian izango da, 18:30ean, hain zuzen. Ordu erdi lehenago, 18:00etan, Consum-Eroski aurreko geltokitik autobusa egongo da Santa Kutzera joateko.

Musbika Ensemble euskal musikari profesionalez osatua dago. Estatuko eta nazioarteko auditorio eta musika jaialdietan dabiltza, Capella de Ministrers, Belsize Baroque, Granadako Orkestra Barrokoa, Kuraia Ensemble edota Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren mailako talde eta orkestrekin, besteak beste.

Errepertorioari dagokionez XVIII. mendeko euskal eta europar musikagileen musika hartu dute erreferentziatzat, betiere euskal kulturarekin lotura bilatuz. Larunbat honetan Jean Baptiste Lulluren “Xerxes”, José de Baquedanoren “Sonata a 3 en fa mayor” eta Jean-Philippe Rameauren “La Princesse de Navarre” eskainiko dituzte.

Azken emanaldi honekin itxiko da aurtengo Udaberriko Musikaldia. “Artxipielagoa” ikuskizunarekin abiatu zen, eta ordutik Orfeo Txikiak, Cor Infantil del Orfeó Catalá abesbatzak eta Bay Trio-k hartu dute parte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide