Joakin Aranbarri, etxejabe ohietako bat: 'Etxea galtzera iritsi gara'

Maxixatzen.eus 2017ko mai. 17a, 11:22

Joakin Aranbarri Oiarzabalek (Azkoitia, 1968) Idiakez Ederra eraikina bere izenean mantendu nahi izan du, baina, azkenerako etsita, apirileko lehen egunetan eraikina udalari ematea erabaki zuen. “Errespetu pixka bat jaso nahi genuen; ezin zitekeen ezeren truke jabetza eman”, azaldu du, haserre, Aranbarrik. “Guk galdu behar genuen dena galdua genuen, eta aurrera jarraituz gero zorretan sartzeko arriskuan geunden gainera… Horregatik, azkenean etsi beharra eduki dugu”.

“Herriak jakin dezala: eraikin horrekin egingo dutena herriko lau-bost familiaren kontura egingo dute”, dio Aranbarrik. Historia “penagarria” izan dela azaldu du. Bere aita zenaren eta izeba zenaren etxea zuen Joakin Aranbarrik Idiakez Ederra eraikinean. Eraikinaren laugarren solairuan jaiotakoak eta bizitakoak zituen gurasoak eta izeba. Bizimodu normala egiten zuten han, baina “normaletik gutxi” izan zuten pasadizoak kontatu ditu Aranbarrik.

“Aberrazio hutsa izan zen; hitz hori asko gustatzen zait gertatu dena deskribatzeko”, adierazi du. Kanpoko abokatu batek erabili zuen, istorio guztia jakin zuenean. Familiak etxea saldu nahi zuen, bestelako irtenbiderik ez baitzioten ikusten. Halere, ezin zuten saldu, fatxada eta barruan zegoen horma bat monumentu historikotzat katalogatu zituztelako. “Nik beti esaten dut: ‘Eta zer egin behar genuen egoera horretan?’”, galdetu du Aranbarrik. Galdera horri oraindik inork ez omen dio erantzunik eman.

Udalarekin eta bizilagunekin izandako harremanen inguruan galdetuta, goibel jartzen da. “Tristea izan da”, erantzun du. “Lau legegintzaldi izan dira ordutik, eta inork ez digu sentsibilitaterik erakutsi. Aldamioak izan dituen gastuengatik, etxea galdu dugu”. Udalarekin negoziazio batzuk izan behar zituztela uste du; “gestioa”, haren esanetan. “Ikusi dugu herriko instituzio bat izan arren funtzionario batzuekin ibili garela hitz egiten”, adierazi du, haserre. Arazo bati aurre egin behar zioten, baina ez zen erraza konponbidea lortzea, eta etxejabeen artean ere ez dute eztabaidatzeko aukerarik ere izan. “Dena eginda etorri zaigu. Zer egin behar genuen, aldamio merkeago bat jarri? Horrela egin izan bagenu, hamabost urtean eduki dugun aldamioa 30 urtean edukiko genuke parrokia aurrean. Hori ez da gestioa”, azaldu du Aranbarrik.

Hitz horrek azken urteetan buruhauste asko sortu dizkio Aranbarriri. “Aldamioaren alokairuan gastatu zen diruarekin aldamioa erostea zegoela jabetu dira”, esan du, harriduraz. Udalak jabeei esan zien eraikinaren jabetza hartu nahi zutela aldamioak sortu zituen kostuen truke. “Ez al zen denontzat hobeto izango orain dela hamabost urte aldamioaren gastua etxearen truke ematea jabeei? Orain egin behar dutena orain dela hamabost urte egin, eta urte horietan parrokia aurreak eman duen itxura eskasa saihestuko genuke. Horrelako gestioak ez al dira udalak egin beharrekoak?”.

Ez du batere gustukoa batzuek ondorioei ez begiratzea. “Nork eskatu zuen eraikina monumentu historiko moduan katalogatzeko?”, galdetu du beste behin. Ez zaio egokia iruditzen herrirako eta probintziarako “aberasgarria” den eraikina herriko lau-bost familiaren artean ordaintzea. “Monumentu historikoa izan ez balitz, gure gurasoek bere garaian eraikina saldu egingo zuten”.

Abokatuekin berandu hasi zirela iritzi dio. Izan zuten abokatuarekin eraikinari ezarri zitzaion monumentu historikoaren katalogazioa kentzekotan ere ibili ziren. “Epaiketa denak galdu genituen, behin horrela katalogatuz gero ez baitago atzera egiterik”, kontatu du etxejabeak.

Nazkatuta daude kontu honekin. Aranbarri familia azkeneko momentura arte eusten egon da, behartze aldera. Familiaren asmoa ez zen eraikinarekin negozioa egitea, ez eta espekulazioak egitea ere. “Ez dago eskubiderik”, dio Aranbarrik. “Urte batzuk pasatu dira; lehen etxea genuen, eta orain ez daukagu. Gainera, zorrik ez ordaintzeko, eskerrak eman beharko dizkiogu agian norbaiti…”, esan du, bukatzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide