Jabier Lizarralde, etxejabe ohietako bat: 'Ez da justua, baina ez dugu beste irtenbiderik aurkitu'

Maxixatzen.eus 2017ko mai. 17a, 11:17
Jabier Lizarralde etxejabe ohietako bat.

Jabier Lizarralde Izagirre (Azkoitia, 1958) 2005eko ekainean sartu zen azkeneko aldiz Nagusia 80 eraikinera. Bere etxekoak soilik bizi ziren eraikinean, eta familiatik zetorkion eraikinaren jabetza. Lizarralde familiak eraikinaren %40 inguruko jabetza zuen.

 

“Nire aitari eta osaba-izebei etxetik irteteko esan zieten. Orduan izan zen azkeneko aldia”, dio, buruari buelta batzuk emanez. Etxera berriz ez litzatekeela sartuko ere aitortu du. Gauetik goizera esan zieten etxejabeei eraikina hustu egin behar zela, hondamendi egoeran zegoelako.

Antza denez, nazkatuta zegoen gaiarekin. “Gauzak gaizki egin dira hor, jabeon aldetik ere bai”, esan du. Ondo gogoan du lehen pauso haietan aldamioak jartzeko erabakia nola hartu zen. “Gaur egunean ikusten da beste erabaki bat hobea izango dela”, adierazi du. “Guk ere eros genezakeen aldamioa, baina bere garaian udalak nahi zuenari eman zion; alokairua guri ordainarazi, eta aurrera”, azaldu du, berotuta.

“Gurekin kontsultatu gabe jarri zen alokairuan aldamioa”, dio denbora luzez etxearen jabea izan denak. “Bere garaian erosi izan bagenu, aspaldi ordainduta egongo zatekeen”. Koordinazio falta sumatu izan du behin baino gehiagotan. “Udalak historikoa zela esan zuen, eta mantendu egin behar zela; horrek asko aldatu zuen istorioa”. Hiru hilabetetik behin udalak alokairuaren karguak pasatzen zizkiela ere azaldu du: “Gastuak %25 gehitzen zizkiguten ez genuelako garaiz ordaintzen”, esan du, harridura aurpegiarekin. Ez du ukatzen gauzak gaizki egin direnik, baina gauza arraro asko ikusi ditu urte hauetan Lizarraldek: “Lehen urteetan behin bakarrik elkartu ziren udaleko ordezkariak gurekin. Hirigintzako ordezkari bat etortzen zen, gainera”.

Ondo oroitzen da sasoi hartan jaso zuten erantzunaz: “Zuena da etxea, zuek egin behar duzue dena, guk esaten dugun bezala”, azaldu du, haserre. Lizarraldek hasieratik argitu du nola joan den kontua. Azaldu duenez, Elizaren aldeko abokatutik joan dira familia batzuk, bere familia tartean. “Gainerako familiak beste abokatu batekin ibili ziren, interes ezberdinak zituztelako”. Etxejabeen artean ere ez dute harreman handirik eduki; izan ere, ikuspuntu desberdina izateaz gain, nazkatuta zeuden egoerarekin. “Nik ez nuen honetan diru gehiago gastatzeko asmorik”, adierazi du Lizarraldek. Dena eginda etortzen zela dio. “Ez nion irteerarik ikusten; are gehiago, nik neure burua zorpetzen ikusten nuen, eta, ondorioz, nire familia ere bai. Gauza okertzen joan da”, adierazi du, hitzak ondo neurtuz. “Ez da justua, baina ez dugu beste irtenbiderik aurkitu”.

Legeak esaten duena bete behar dela iritzita, ez du uste historikoki eman zitzaion babesa kenduko zaionik, eta, gainera, ondo ikusten du eraikinaren kanpoko itxura mantentzea. “Javier Zubizarreta alkateak orain dela hilabete batzuk deitu gintuen bilera batera, zerbait egin behar zela iritzita”. Batekin eta bestearekin hitz eginda, auzia aurrera doa, dioenez. “Guri horrenbeste urtez eskatu digute eraikina mantentzeko, eta orain gauza bera egin beharko lukete beraiek ere”. Lizarralderen ustez, “ezinezko baldintza” da hori.

Orain udalak proposatu duen proiektuaren antzeko bat ere aurkeztu zuen Azkoitia Lantzeneko Iñaki Mendiak: “Orain duten asmoa zuen hark. Gainera, guk diru pixka bat jasoko genuen. Bideragarria zirudien”, azpimarratu du Lizarraldek. Baina udalak orduan ezezkoa eman zuela aitortu du, etsipenez.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide