Klasiko bihurtu diren klasikoak

Maxixatzen.eus 2017ko mai. 13a, 10:00

Orain dela sei urte hasi ziren, maiatzean, Azkoitian klasiko bihurtu diren auto klasikoen topaketak egiten. Herrian urte batzuk zituzten autoak erakusteko asmoarekin hasi zen Antonio Sudupe (1962) antolatzen, baina, bere ezustekorako, uste baino auto jabe gehiago etorri zen herrira. Urtetik urtera, kilometro luzeak egiten dituzten auto zaharren jabe gehiago ari da etortzen. Aurten, maiatzaren 14an, garai bateko autoak nola dauden ikustera zirraraz eta jakin-min handiz datozen herritarrez beteko da Plaza Berria.

 

“Eguraldi ona egingo ote du”, dio, gora begira, Antonio Sudupek. Eguraldia ez da dena, baina garrantzi handia du. Esan du auto klasikoen jabeek aitzakia asko jartzen dituztela eguraldiak laguntzen ez duenean. Santa Klarako komentura arrautzak ematera ere joana dela aitortu du. Atzetik antolakuntza lan handia dago, eta ahalik eta egun borobilena ateratzeko prestatu behar izan dute. Aurten lehenago hasi dira prestaketa lan horiekin. “Parte hartzaileen telefonoak eta bestelako kontaktuak banituen iaztik, eta kartelak bidali nizkien. Jendeak maiatzaren 14a ondo markatua du”, dio Sudupek.

Sudupek motor mundurako duen zaletasuna ez da gaur sortutakoa; aspalditik dabil motoen eta autoen esparruan murgilduta. “Euskal Herriko Itzulian, Espainiako Vueltan eta Espainiako beste hamaika lasterketatan lotura lanak egiten ibilia naiz”, esan du. Orduz geroztik auto zahar asko izan ditu, eta ondo gogoan du seiscientos motako autoarekin Santa Kutzen egin zuen eskapada. Estutasun hark ez zuen atzera bota, ordea, eta orain dela hamabi urteR8 autoa hartu zuen, gaur 43 urte dituen autoa. “Etxekoek auto zahar horrekin nora joan behar dudan galdetzen didate; ez zaie motor mundua gustatzen”, dio, barrez. Orain dela sei urte, baina, herrira auto zaharrak ekartzeko ideia otu zitzaion Suduperi, eta, harrezkero, urtez urte Azkoitian klasiko bihurtu da auto klasikoen topaketa.

Antolakuntza, ondo mamituta

“Hasieran bakarrik hasi nintzen, baina atzean banuen lagun talde bat bazkariak antolatzeko, ibilbidean zehar zeuden bidegurutzeak ondo lotzeko eta kanpotik etorritako jendea ondo orientatzeko”, azaldu du.

Orain elkarlanean dihardute Errebueltie Eskudeixek eta Ibilgailu Klasikoen Topaketako kideek. Motor munduan murgildutako lau gaztek osatzen dute eskuderia, eta Azkarateko Rallysprint ezaguna antolatzen dute. Maiatzaren 20an izango da aurtengo lasterketa, larunbatean. “Orain dela hiru urte nirekin jarri ziren harremanetan, esku bat botatzeko prest zeudela esanez. Oso gustura nago osatu dugun taldearekin”.

Guztira 100 ibilgailu inguru etortzeko aukera ikusten dute antolakuntzako kideek. Lehen topaketa egin zen urtean 63 auto elkartu ziren, eta, antolakuntzako kideen ezustekorako, 100 lagun bildu ziren Juanjo ….. eta Markos Zubiaurrek herriko bi elkartetan prestatutako bazkarira. Bazkariagatik etorri denik ere izan dela aitortu du: “Behin herrira etorri ziren auto jabeetako bat beste batekin telefonoz hitz egiten harrapatu nuen; bazkaria musu truk zela eta etortzeko esaten ari zitzaion”, esan du topaketaren antolatzaile nagusiak.

Dozena bat lagun aritzen dira guztira antolakuntzan. Ibilbidea antolatzeko orduan denen gustua egitea zaila izaten da, ordea. Esaterako, Azkoitira etortzen diren parte hartzaile batzuek ibilbide luzea egin nahi izaten dute, baina antolakuntzako kideek nahiago dute bestelako zerbait: “Gu ibilgailua herrira ekarri eta Plaza Berrian erakustearen aldekoak gara”, argitu du Sudupek. “Autozale askok aitortu didate Gipuzkoa osoan ez dagoela Plaza Berria bezalako kalerik, eta hori baliatu beharra dugu”.

Plaza Berritik Azpeitira abiatuko dira, handik Urrestillara, eta, berriz ere Azkoitira etorriko dira Azpeititik eta Loiolatik barrena. Herrira, baina, Munategitik sartuko dira, arrazoi nagusi batengatik: “San Jose Egoitzan baimena eskatuta, handik pasatzen gara autoekin. Izan ere, helduenei sekulako ilusioa egiten dietela konturatu ginen. Ibilbideko momenturik bereziena izaten da”, nabarmendu du Sudupek.

Azkoitiko Udalak, tabernariek eta bestelako komertzioek laguntzen diete, baina zozketa ere egiten dute. Lehenengo urtean 60 botila ardo zozkatu zituzten, gastuak “handiak” izaten baitira. “Ezin naiz ahaztu Isidro Etxanizekin: sekulako lana egiten du”, dio Sudupe antolatzaileak.

 

 

Zerbait berria ekarri nahian

Sudupek berrikuntzak espero ditu aurtengo urterako. “Orain dela bi urte militarren ibilgailuak etorri ziren, eta ikaragarria izan zen”. Ibilgailu batzuk zailak dira herrira ekartzen, baina ez du zailtasun horretan erori nahi, eta lortu arte saiatzen jarraituko du. “Espainian badaude Lancia eta Audi 4 autoak, besteak beste. Urte batean, Elosuko bidegurutzean istripua izan zuen”, gaineratu du. “Horrelako auto jabeek erlikia moduan gordetzen dituzte euren ibilgailuak; erregeak oparitutako autoak dira”, dio, indarrez, Sudupek.

Zailtasunak zailtasun, Sudupek baditu begia botatako ibilgailuak: “Gizon batek Ingalaterrako Isabel II.a erreginarena izan zen auto bat du, eta Donostian suhiltzaileek izan zuten lehen kamioia dago”. Dena dela, Altsasun dago harridura handiena sortzen dion ibilgailua, eta ahalegin guztiak egingo ditu hura Azkoitira ekartzeko. “Alemanian presoak garraiatzeko erabiltzen zen kamioi bat dago han”, azaldu du, desio aurpegiarekin.

Azkenik, datorren maiatzaren 14an Azkoitian izango diren ibilgailu klasikoak ezagutzera gonbidatu nahi izan du jendea Sudupek: “Norbaitek ibilgailuaren barruan egin nahi badu ibilbidea, Plaza Berrira etorri besterik ez du”, adierazi du, eskua luzatuz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide