'Gure helburua parte hartzea sustatzea da, emaitzak emaitza'

Maxixatzen.eus 2017ko mai. 4a, 11:04

Angel Rocha, Leire Gorrotxategi, Jabier Beristain eta Rosario Lasa, Urrats taldeko kideak.

Maiatzaren 7an Azkoitian izango den burujabetzaren gaineko herri galdeketaren atarian, “erabakitzeko eskubidea herritarren esku” dagoela azpimarratu dute Urratseko kide Leire Gorrotxategik, Jabier Beristainek, Rosario Lasak eta Angel Rochak: “Eskubide guztiak bezala, erabakitzeko eskubidea ere eskuratu beharra dago”.

Noiz sortu zen Urrats taldea?
Irailean Gure Esku Dago-koek batzar ireki bat antolatu zuten. Izan ere, Urola Kostakoak udaberrian herri galdeketa egitera zihoazela eta, jakin nahi zuten ea Azkoitian herri galdeketa antolatzeko ba ote zegoen babesik, edo jendeak nahi ote zuen. Batzar ireki horretako erantzuna ikusita, ulertu genuen baietz, jendea konprometitzeko prest zegoela. Horrela, urrian sortu zen Urrats elkartea, herri galdeketa hau antolatzeko.


Nola banatu dituzue taldeko zereginak?
Lau lantalde osatu ditugu: talde sustatzailea, ekintza eta harremanen taldea, komunikazio taldea eta ekonomia taldea. Herri galdeketa antolatzeko egin beharreko lehen ariketa sinadura bilketa da, eta horri hasiera azaroan eman genion, sanandresen aurretik. Ordutik sinadurak biltzen jardun dugu, eta otsailean amaiera eman genion sinadura bilketari. Martxoan, berriz, herri galdeketa iragarri genuen, ikusita beharrezko sinadura guztiak erraz lortu genituela. Orain herri galdeketa hori antolatzen ari gara, Urratsekoak bi lantaldetan banatuta; bata M7 egun hori antolatzeko batzordea da, eta bestea, berriz, ekintza eta komunikazio taldea da, herritarrengana iristeko taldea.


Nola erantzun du herriak orain arteko ibilbidean?
Oro har, oso erantzun ona jaso dugu, bai herriaren partetik, bai herriko erakundeen aldetik. Herritarrekin kalean egin diren ekitaldietan eta sinadura bilketan oso erantzun ona izan da. Horrez gain, herriko hainbat talderekin lanketa bat egin dugu sinadurak biltzeko eta beste ekintza batzuk antolatzeko, eta jarrera oso positiboa izan da. Espero dugu maiatzaren 7ra arte jarrera horrek oraindik eta fruitu hobeak ematea. Guretzat, momenturik garrantzitsuena orain da, hemendik M7ra artekoa.


Azken txanpa honetarako ekintza gehiago antolatu al dituzue?
Bai. Kanpainarekin bete-betean sartuko gara, eta hor hainbat ekintza nagusi ditugu. Adibidez, herritarrei eskatuko diegu M7ko kartelak etxeko balkoietan jartzeko; Korrikarekin kolaboratuko dugu txokolate jana emanez; apirilaren 29rako Urrats Eguna antolatu dugu, eta, hori antolatzeko, herriko zenbait talderekin kolaboratuko dugu. Egun horretan argazki erraldoi bat atera nahi dugu herritarrekin. Eta ondoren maiatzaren 7ra begira jarriko gara; botoa emateko eguna ez ezik, festa eguna ere izango da.


M7an zein beste herritan egingo dute galdeketa?
Urola Kostako zortzi herritan: Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Zestoa, Aizarnazabal, Errezil eta Azkoitia. Eta Urola Kostaz kanpokoetan: Debabarrena, Durangaldea, Lasarte-Oria, Usurbil, Lea-Artibai, Legutio, Urkabustaiz, Orozko, Uribe Butroe, Uribe Kosta eta Zeanuri.


Zenbat lagun zaudete taldean?
Antolatzaileen taldean 38 bat gara, eta aurreneko iraileko batzarrean laguntzaile jarduteko konpromisoa azaldu zutenak beste horrenbeste izan ziren.


Ekintzak antolatzeko finantzaketa nondik lortu duzue?
Herritarrek zozketen eta abarren bidez ematen diguten diruarekin funtzionatzen dugu, eta eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei.


Ilusioa sumatzen al duzue herrian?
Bai, herritarrek izugarrizko ilusioa eta gogoa dutela iruditzen zaigu. Sinadura bilketari hasiera eman genion lehen egunean, jende pila bat elkartu ginen, 200 bat boluntario, eta ia ezer zabaldu gabe 500 sinadura bildu ziren bizpahiru orduan. Leherketa bat bezalakoa izan zen hura. Ilarak egon ziren mahaian sinatzeko. Ikaragarrizko babesa jaso genuen; inork ez genuen espero hainbestekoa lortzerik. Egun horrek indar handia eman zigun. Oso hasiera potentea izan zen.


Erakundeengana iristeko, ate asko jo behar izan al dituzue?
Gu asko gerturatu gara hainbat kolektiborengana, baina jendea guregana etortzen ere ikusi dugu. Hau kanpaina bat egitea bezala da: zu joan egiten zara, eta konfiantza lortu behar duzu. Behin hori lortutakoan, bueltan etortzen da. Jo ditugun ate guztietan oso harrera ona eduki dugu, eta jendea beti laguntzeko prest agertu da. Itxaropentsu gaude.


1.955 sinadura bildu dituzue; nolako balorazioa egiten duzue?
Oso balorazio ona egin dugu, baikorra. Botoa eman dezaketenen %20 baino gehiago dira. Emaitza hori lortzerik ez genuen espero hasiera batean. Helburu goren-gorena zen lortu duguna lortzea. Goia jo dugu. Sinadurak gehitzen gindoazen heinean, helburua ere igotzen joan ginen, baina hainbeste ez genuen espero.


Zenbat mahaikide beharko dituzue maiatzaren 7an?
Zazpi mahai jartzen baditugu, 42 mahaikide beharko ditugu, titularrak eta ordezkoak. Gure 70 kideak ere laguntzaile arituko gara. Mahaikideez gain, bestelako lanak egiteko jendea beharko dugu, egun osoan egingo diren hainbat ekintza koordinatzeko eta laguntzeko.


Galdeketaren ondoren, zer?
Lehenengo, ikusi eta emaitzak aztertu. Ondoren, Urrats elkartea desegin egingo da, galdeketa egiteko sortutako elkartea delako. Gero, Gure Esku Dago-k jarraituko du. Euskal Herrirako beste egitasmo batzuk ari dira planteatzen. Hurrengo pausoa galdeketak hirietan egitea izango da. Azkoitian gertatzen dena ikusita, baliteke gero Gure Esku Dago herri mailan indartzea.


Zergatik joan beharko lukete herritarrek bozkatzera?
Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko. Herri galdeketak erabakitzeko eskubidearen tresnak dira, eta erabakitzeko eskubidea demokrazian sakontzea da. Gu, herritarrak, ordezkari politikoei eskaera demokratiko bat ari gara bidaltzen honekin, eta erakundeek borondate demokratikoa kudeatu eta ordezkatu egin beharko lukete. Ikus dezatela badagoela erabakitzeko eskubide maila.


Zer esango zeniokete bozkatzeko zalantzan dagoen norbaiti?
Eskubide guztiak bezala, erabakitzeko eskubidea ere eskuratu beharra dagoela. Beltzen eskubideak, emakumeen eskubideak eta beste, planteatu zirenean, astakeriatzat hartzen ziren, baina, eskuratu beharreko eskubidetzat hartzeko, bozkatu beharra dago. Eskubide osoa du ezezkoaren aldekoak, baiezkoaren aldekoak bezala.

Gaur egungo sistema demokratikoan, herritarron demokrazian parte hartzeko eta gauzak erabakitzeko eskubidea mugatuta dago, gure iritziz. Guk aldarrikatu nahi dugu herritarren esku dagoela erabakitzeko eskubidea zentzu guztietan, nahiz eta gu orain galdera hau ari garen planteatzen. Gure aldarrikapena da herritarren hitza entzutea beti. Guretzat, bozketa hau ariketa demokratiko bat gauzatzea da, herritarrok hori egin ahal dugula erakusten duena.

Azken finean, ez dugula beti besteei edo kanpora begira egon behar. Norbanakotik hasi behar dugu, eta norbanakoak badu erantzukizun bat, eta hori gauzatzeko modu bat da hau. Gure inguruko errealitatea aldatzen hasi behar baldin badugu, geure buruarengandik hasi behar dugu; geuk ez badugu gauzatzen gure eskubidea, gero besteei ere ezin diegu exijitu. Guk horregatik eskatuko genieke herritarrei parte hartzeko.
Erabakitzeko eskubideari buruzko gogoetak mundu osoan egiten dira. Erabakitzeko eskubidea ere osatzen ari den kontzeptua da. XX. mendearen erdialdetik dator, bi mundu gerren ondoren demokraziari eta bakeari garrantzi handiagoa eman zietenetik. Hemen bezala, beste tokietan ere bide horretan ari dira.