Helburu solidarioa duen Ekain Txou pailazoaren emanaldia, Baztartxon

Maxixatzen.eus 2017ko mai. 4a, 09:24

Datorren igandean, maiatzaren 7an, Ekain Txou pailazoaren ikuskizuna izango da Baztartxo antzokian, 17:00etan. Emanaldiak helburu solidarioa du: Deustuko Unibertsitateko Zuzenbidea eta Komunikazioa graduko ikasle talde batek antolatu du saioa, Amigos Solidarios elkartearekin batera, eta Azkoitiko Udalaren laguntzarekin “hemengo haurren irribarrea Afrikaraino zabal dadin”.

 

“Proiektuaren helburua Afrikako hainbat herrialdetako biztanleei oinarrizko beharrak asetzen laguntzea da, batez ere, haurrei, emakumeei eta behar bereziak dituztenei. Helburu hori lortzeko elkartearen lehentasuna bertako baliabide eta materialak erabiltzea da. Modu horretan bertako ekonomia sustatzea lor daiteke, komunitate osoaren mesederako”, diote antolatzaileek. “Gure erronka –gaineratu dute- aurrekonturik gabe pertsona horientzat ahalik eta laguntza gehien lortzea da”.

Helduen sarrerak 5 euroan egongo dira salgai eta haurrenak, 4 euroan. Sarrerak ikuskizun aurretik eskuratu ahalko dira leihatilan bertan.