Txunbe Lokala: 'Nafarroan kilometroak osatzeko zailtasunak izaten dituzte'

Maxixatzen.eus 2017ko api. 3a, 09:37

Azkoitiko Txunbe Lokalak euskararen aldeko kilometroa erostea erabaki zuen orain dela ez asko. Asteburuan Luzaiden (Nafarroa) izan dira lokaleko zazpi lagun Korrikan parte hartzen. Esperientzia polita izan dela esan dute, uste zutenaren aldean jende asko izan baita ekitaldian.

 

Zergatik erosi duzue Korrikako kilometroa?

Kuadrillako batek esan zuen Nafarroan zailtasunak izaten zituztela kilometroak saltzeko. Hori jakinda, Nafarroako AEK-rekin harremanetan jarri ginen Korrika zein asteburutan pasatzen zen jakiteko, eta saldu gabe zegoen kilometro bat erosteko. Ostirala eta zapatua beteta zeuden, soilik igande goiza gelditzen zen libre, eta 09:30etakoa erosi genuen.

Zenbat kilometro erosi dituzue?

Kilometro bat erosi genuen.

Luzaide aldapatsua omen. Zenbat kilometro egin dituzue?

Aldapatsua dela ikusi dugu, bai! Gure kilometroa egiteaz gain, ahal izan genuenok beste bost kilometro ere egin genituen Korrikaren atzetik (kar, kar, kar).

Esanahi handia al du Korrikak zuentzat?

Bai, berezia da guretzat Korrika. Normalean beti ateratzen gara korrika egitera, baina orain arte sekula ez genuen kilometrorik erosi. Aurten lehen aldiz kilometro bat erostea erabaki dugu.

Zergatik Luzaiden eta zergatik ez hemen?

Lehen esan bezala, Nafarroan kilometroak osatzeko zailtasunak izaten dituzte. Herrian errazago salduko zituztela pentsatu genuen, eta hori izan da kilometroa Nafarroan erosteko arrazoi nagusia.

Kuadrillako zenbat joan zarete euskararen alde korrika egitera?

Kuadrillako zazpi kide izan ginen euskararen aldeko ekitaldian parte hartzen.

Nolako giroa aurkitu duzue bertan?

Goitik behera bustita amaitu genuen, baina sekulako giroa aurkitu dugu, Euskal Herriko txoko desberdinetako jendearekin egin baitugu topo. Uste genuenaren aldean jende askok hartu zuen parte Korrikan.

Azkoititik 05:40ean pasako da Korrika. Ekitaldian parte hartzeko asmorik ba al duzue?

Bai, zalantzarik gabe. Nafarroan korrika egin badugu, nola ez dugu ba Azkoitin parte hartuko? Ahal dugun guztiok aterako gara.

Korrikaren aitzakian, asteburuko plana izan al da?

Bai. Hasieran zapatuan joatekoak ginen, asteburua han pasatzeko asmoarekin, baina azkenean igandean bertan joan ginen. Korrika egin, trago batzuk hartu, bazkaldu eta etxera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide