Udala hainbat talderekin bildu da alkohol eta droga kontsumoaren prebentzioaz hitz egiteko

Maxixatzen.eus 2017ko mar. 3a, 10:40
Udala hainbat talderekin bildu da azken aste hauetan alkohol eta droga kontsumoaren prebentzioaz hitz egiteko.

Aita-amek, Udaltzaingoek, Ertzaintzak, tabernariek, merkatariek, irakasleek edota formakuntza zentroetako zuzendariek erantzukizun zuzena edo zeharkakoa dutela uste du Udalak adin txikikoen alkohol eta droga kontsumoaren prebentzio lanean. Udalak ere bai, erakunde gisa, bere ardura delako gizatalde ahulenak babestea.

 

Substantzien gehiegizko kontsumoak eragindako kezkaren eta herritarrengandik jasotako hainbat kexen aurrean, Udala lanean ari da batetik, nerabeen artean alkohola eta drogak nola saihestu ikusteko eta bestetik, oreka nola bilatu jakiteko herritarrek aisialdirako eta atsedenerako duten eskubideen artean.

Hori horrela, azken aste hauetan Udala, Javier Zubizarreta buru dela, hainbat talderekin bildu da azterketa amankomun bat egin eta soluziobideak finkatzeko asmoz. Prozesuan zehar laurogei lagun inguruk hartu dute parte. "Hau guztion arazoa da eta denon lankidetza eta borondatea ezinbestekoak dira emaitzak ikusi nahi baditugu, zeren denon ahaleginak beharko ditugu. Udaltzainak eta ertzainak arauak betearazteko daude, baina kontzientziazio lana, ez dezagun ahaztu, etxeko sukaldean hasten da. Horregatik, hain justu, bilera hauek egin ditugu indarrak batu eta gutako bakoitzak bere gain hartu dezan duen ardura guztion onerako. Batek parrandarako duen eskubide bera du beste batek lorik eten gabe atseden hartzeko edota bebarruak gonbitoz eta pixez beteta ikusi beharrik ez izateko", dio Javier Zubizarretak.

Tabakoaren aurkako legea edota adin txikikoei alkohola saltzeko debekua bezalako arauak zorroztasunez betearazteko eskatzeko, sinadura bilketa abiatu zuten gurasoekin bildu zen lehenengo Udala. Dokumentua 240 sinadura baino gehiagorekin aurkeztu zuten udaletxean. Haien idatzian kontrola areagotzeko eta substantzia estupefazienteen salmenta zigortzeko exijitzen zitzaion Udalari, "trapitxeoaren paisaia ohiko bilakatu delako", haien esanetan. Halaber, boteiloiaren kasuan, kontsumitzailea identifikatzeko eta materiala kentzeko eskatzen zuten. Dagoeneko Udalak indarrean du neurri hau, eta udaltzainak arduratzen dira betetzeaz. 

Udalak lortu du baita mahai baten bueltan biltzea Udaltzaingoa, Ertzaintza eta tabernariak. Halaber, bilerak egin dira merkatariekin, herriko formakuntza zentro guztiekin, irakasle, zuzendari eta guraso elkarteekin alegia, eta baita kale kaltetuenetako bizilagunekin ere.

Espazio publikoaren erabilera arautzen duen ordenantzari ekarpenak egiteko aukera

Kontrolerako neurriak hartzeaz gain, Udala, besteak beste, kontzertuen edo bestelako ekitaldien kasuan, espazio publikoaren erabilera arautzen duen ordenantza lantzen ari da. Prozesu honetan parte hartu duten guztiei bidaliko zaie egun hauetan ordenantzaren zirriborroa nahi dituzten ekarpenak egiteko edo aldaketak eskatzeko hamabost egun baliodunetan.

Eta parte hartu dutenei aukera eman zaien bezala, herritar guztiek deskargatu dezakete Udalaren webgunean ordenantzaren zirriborroa edota udaletxean kopia bat eskatu. Ekarpenak aurkezteko epea martxoaren 24an itxiko da. Udaletxeko harrera bulegoan edo alkatetza@azkoitia.eus–era  idatziz egin daitezke ekarpenak.

Ordenantzaren lanketarekin batera, Udala tabernariekin lanean ari da dituzten lizentzien arabera arauak zorrotz bete ditzaten.

Udalaren eskertza

Udalak prozesu honetan parte hartu duten guztiei bere esker ona adierazi nahi die. “Eskerrak ematen dizkiegu guztiei gure deialdiei erantzuteagatik helburua guztion arten lortuko dugula sinetsiz, horixe baita jarraitu beharreko bidea”, dio Javier Zubizarretak. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide