Xabier Gomez, fraidea: "Etorkizuna bermatua du Elizak; agian gutxiago izango gara, baina benetakoagoak ere bai"

Maxixatzen.eus 2017ko urt. 19a, 12:23
Xabier Gomez Madrilgo M-11ko biktimei eskainitako oroimen monumentuan, Atxotxako tren geltokian.

Umetatik oso garbi zuen apaiz izan nahi zuela Xabier Gomez Garciak (Azkoitia, 1970). Donostiako Elizbarrutiko seminarioan egin zituen ikasketak, eta 1994an apaiztu zen. Legazpiko, Elgoibarko eta Eskoriatzako parrokietan egin zituen lehen urratsak, eta 2003an beste bide bati ekin zion; Dominikar Predikatzaileen Ordenan fraide sartzea erabaki zuen. 

 

Bartzelonan du bizitokia gaur egun, eta etorkinen eta haien giza eskubideen defentsan murgilduta ari da lanean. Teologian lizentziaduna, arte garaikideko hainbat artistarekin eskuz esku ari da lanean, arteak fedeari eta elkarrizketari bidea zabal diezaiokeela iritzita. “Osasuntsu” ikusten du Eliza, eta herritarrek “aurreiritziak alde batera utzi” eta parrokietara joanez gero “sorpresa ederrak” topatuko dituztela dio.

Hona hemen abenduko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako elkarrizketa:

  • Nola hartu zenuen apaiz izateko erabakia?

18 urte nituela hartu nuen apaiz izateko erabakia. Niretzat erabaki erraza izan zen, txikitatik apaiz izateko gogoa sumatzen nuelako barnean. Garai hartan, Azpeitiko Institutuan ikasten nuen, eta noizean behin zalantzak izaten nituen, noski. Baina erabakia argi ikusten nuen. Jendearen zerbitzura jarri nahi nuen neure bizitza, eta, apaiz zerbitzari jator asko ezagutu nituenez, haien urratsei jarraitzea erabaki nuen.

  • Etxean, eskolan, eskolaz kanpoko taldeetan… non landu zenuen fedea?

Garai hartako eta gaur egungo hainbat etxetan bezala, haurtzaroan amonaren bidez ikasi nuen fededuna izaten. Ondoren, herriko parrokian, Floreaga ikastetxean eta eskolaz kanpoko kristauen taldeetan sakondu nuen. Behartsuen eta sufritzen ari direnen mundura gerturatu ninduten talde horiek.

  • Nola gogoratzen duzu apaiztu zineneko eguna?

Nire bizitzako egunik ederrena izan zen. Familia giroa eta jai giroa uztartu ziren egun hartan parrokian. Jende asko etorri zen elizkizunean parte hartzera, leku askotatik: bidelagunak, etxekoak, adiskideak… Era batean edo bestean, gutxienez sei urteko bizipen guztiak bateratu ziren elizkizun hartan. Topikoa ere bada hau esatea: esker oneko eta bizimodu berri baten lehen eguna izan zen.

  • Legazpin eman zenituen lehendabiziko pausoak; Elgoibarko eta Eskoriatzako parrokietan egon zinen ondoren. Nolako esperientzia izan zen?

Urte aberasgarriak izan ziren. Donostiako apaiztegian apaiz izateko prestatu ninduten, baina parrokietan ikasten da apaiz izaten, jendearen artean. Nolabait, herrigintza eta kristau elkarteen langintza bateratu nituenean ikasi nuen apaiz izatea zer den.

  • Elgoibarren igarotako urteek markatu omen zintuzten gehien. Zergatik?

Euskal Herriko beste hiri eta herrietan bezala, Elgoibarren drogaren eta hiesaren ondorio latzak parez pare genituen hamarkada hartan. Erantzun gizatiarrak, kristauak eta zuzenak eskatzen zizkiguten erronka gogorrak ziren, eta borroka hartan buru-belarri sartu nintzen. Parrokiak eta herriko kolektiboek elkarrekin lan egin genuen, gazteei eta haien familiei laguntzeko. Kristau fedeak mundua hobetzeko duen kemena erakutsi genuen.

  • Gero, Gipuzkoako Elizbarrutia utzi, eta Dominikarren Ordenan sartzea erabaki zenuen. Zer ekarri dizu horrek?

Aukerak eta erronkak eman dizkit bide honek. Dominikarren bizimoduak ardatz hauek ditu: elkartea, ikasketa, otoitza eta Jesusen Berri Ona zabaltzea. Ordena Hego Europako muga baten ertzean jaio zen, orain dela 800 urte, eta, geroztik, mugalari izan gara: egiaren bilaketaren teologia irekia egiten, jatorrizko herrien defentsan ahotsa altxatzen, giza eskubidearen zutabeak jartzen eta artearen bidez predikatzen. Elizan dagoen ordena demokratikoena da geurea. Ibiltariak gara gu, eta, erlijiosoa naizenetik, mundua hobeto ezagutzen dut; kanpokoa eta nire barnekoa, bi munduak. Urteak ez dira alferrik pasatzen, eta geure aukeratan asmatzen badugu, jakintsuago bilaka gaitezke.

  • Madrilen urte asko eman dituzu. Zertan aritu zinen han?

Parrokia batean eta eskola handi batean ibili nintzen lanean: haurrekin, gazteekin, irakasleekin eta familiekin lan egin nuen Madrilen. Etorkin afrikarren bidelagun nintzen; artista garaikideekin ere lan egin nuen, elkartasun bideak zabaltzeko.

  • Orain, Dominikarren Ordenako Giza Eskubideen Behatokiko Espainiako buru izendatu berri zaituzte, eta Bartzelonan bizi zara. Batez ere, etorkinen eta haien eskubideen alde ari zara lanean.

Bai, hala da. Bakearen eta Justiziaren Europako suspertzaile izatea ere proposatu zidaten. Kontinente bakoitzeko suspertzaile bat daukagu dominikarrek. Orain arte, Europa “aberatsean” horrelako kargu baten beharrik ez zuten ikusten gure ordenako arduradunek. Baina krisiaren ondorioak, etorkinen eta errefuxiatuen krisiak eta Europako politika kezkagarriak beste behar batzuk utzi ditu agerian, eta Europarako suspertzailearen kargua hartu nuen. Datozen urteek aldaketa asko ekar ditzakete Europara eta mundura. Fundamentalismoa eta populismoa indarra hartzen ari dira, eta giza eskubideak eta eskubide sozialak arriskuan daude Europa berri honetan. Arazo korapilatsuei ezin zaie erantzun xumerik eman, baina giza eskubide guztiak guztiontzat nahi baditugu, erne egon beharko dugu neoliberalismo basatiari alternatiba gizatiarragoak emateko.

  • Aurten 22 urte bete dira apaiztu zinenetik. Zer-nolako bilakaera izan du Elizak hogei urte hauetan?

Frantzisko aita santuak argi islatzen du Elizak izan duen bilakaera: auto-erreferentziala izan nahi ez duen Eliza, irekiagoa, inklusiboagoa eta behartsuen eta baztertuen bidelaguna. Denon etxea izan nahi duen Eliza, elkarrizketa egiten den Eliza eta Jesusengandik munduari buruz jaso dugun ikuspegi baikorra pozez proposatu nahi duen Eliza. Horixe da, gaur egun, Eliza.

  • Erlijio askatasuna aldarrikatzen du Eliza Kristauak. Azkoitian bertan, erlijio aniztasuna gero eta handiagoa da. Nolakoa beharko luke erlijioen arteko elkarbizitzak? Prestatuta al daude kristau fededunak beste erlijioetako fededunak ondoan hartzeko?

Gu prest gaude. Alderdi politiko denetan prest al daude erlijioari leku publikoa emateko? Zergatik bultzatzen gaituzte sakristietara? Kristauen urratsak historiatik desagerrarazteko ahaleginak ikusten ditut, eta horrek sekulako galera ekarriko luke; giza eta kultur ondarea galtzeko arriskua legoke. Bartzelonan bizi naiz, eta hemengo Eliza ez da izan batere zorrotza. Hala ere, sistematikoki Elizaren aurkako kanpaina bat dago hedabideetan, eskoletan… Zergatik? Islamaren jarraitzaileei errespetu handiagoa diete kristauei baino. Hori ez da zilegi. Denok merezi dugu leku bat gizarte eta herrien eraikuntzan. Fundamentalistak ez daude erlijioetan bakarrik, eta fundamentalismoa –ekonomikoa, erlijiosoa, ideologikoa…– da egungo arriskurik handiena; zer ari da gertatzen Europan eta munduan? Nortasuna besteen aurka eraiki nahi da, eta ez besteekin elkarlanean.

  • Azkoitian irekitzekoak omen diren meskitak agerian utzi ditu gizartean oraindik gai horri buruz dauden arrakala sakonak.

Hala da, baina gizarte plurala eraikitzeko ganorazko hezkuntzarik jaso al dugu? Ezagutzen al ditugu ezberdin pentsatzen edo sinesten dutenak? Haiek gu sakon ezagutzeko aukerarik izan al dute? Ikastetxeetan nolako hezkuntza ematen zaie haur eta gazteei? Azkoitian meskita gehiago edo handiagoak ikusiko ditugu. Hori ez da kezkagarria. Beste herrialdeetan bezala, gurean ere garbi jakin beharko genuke meskitetan zein mezu zabaltzen diren, inoren adierazpen askatasuna ukitu gabe.

  • Elizak adierazpen oso gogorrak egin izan ditu gizarteko hainbat kolektibori buruz; homosexualei buruz, esaterako.

Frantzisko aita santuak dioena berresten dut nik: nor naiz ni inor epaitzeko? Pertsona bakoitza mundu bat da, eta batentzat baliagarria dena beste batentzat ez da izango. Amoris Laetitia erregu apostolikoak dioena ekarriko dut gogora: maitasunaren zoriontasuna. Elizan denok dugu leku bat, bazterketarik gabe. Neurri handi batean, zientziari kasu gehiago egin beharko genioke.

  • Emakumeek Elizan izan beharko luketen lekuari buruz ere asko hitz egin da azkenaldian, baina oraindik oso baztertuta daude.

Emakumeak dira Elizaren zutabeak. Kristautasunaren lehen hastapenetan emakume bat dago: Andre Maria, Jesus mundura ekarri zuena eta haren ikaslerik onena. Hor dugu Maria Magdalena ere, apostoluen apostolua, Jesusen piztueraren lehendabiziko lekukoa. Jesusen ibilbidearen eta emakumeen arteko harremanetan sakontzen dugun heinean, garbi dago emakumearen zeregina zein garrantzitsua izan den. Eta, beraz, egun emakumeekin zorretan dago Eliza.

  • Frantzisko aita santuak diskurtso aurrerakoiagoa ekarri al du?

Euskadin urteak daramatzagu diskurtso horrekin, eta estilo horrekin bizi izan dugu fedea. Guretzat ez da berria; pozgarria da.

  • Elizak husten ari dira, fedearen krisiaren eraginez edo. Garai berriotara egokitzeko behar beste lan egin al du Elizak?

Elizak husten? Gure artean agian bai, baina mundua ez da gurean amaitzen. Elizak egoera guztietara egokitu beharko balu, bere nortasuna galtzeko arriskuan legoke. Injustizietara egokitu? Gizakiei eta elkartasunari dagokienez, munduan dagoen erakunderik handiena eta fidagarrienetakoa da Eliza. Azalduko dizuet nolakoa den nire inguruko Eliza: samariarra, hau da, zerbitzaria, behartsu eta baztertuen laguna, txikia, alaia, irekia, errukitsua, pentsalaria eta enpatikoa, baina nortasuna galdu ez duena. Eta argazki hori bera Azkoitian bertan aurki dezakegu. Aurreiritziak apurtu eta herriko parrokiara joaten denak sorpresa ederrak topatuko ditu. Elizan denetarik dago, baina Elizaren altxorra ez da inoiz modaz pasatuko. Jesukristo bera da gizaki eta gizatasunaren neurria.

  • Apaiz bokazioa ere minimoetan dago. Azken bi urteotan, Euskal Autonomia Erkidegoan lauzpabost apaizgai bakarrik daude seminarioetan. Erreleboa bermatua al du Elizak?

Egoera kezkagarria da. Apaizak beharrezkoak dira. Nik Azkoitiko parrokian sei apaiz ezagutu nituen; orain erretorea bakarrik dago, salestarren laguntzarekin. Elkarte bakoitza berregituratu egin beharko da. Aukera polita izango da ebanjelioaren sustraietara itzultzeko. Eliza eredu ezberdina izango da biharkoa. Ohiko zerbitzuak berritzeko aukera dugu orain; kristauok jatorrak, irekiak eta leialak bagara, eta Jesusen espirituak bideak erakutsiko dizkigu. Bokazioak ez dira zerutik jaisten. Zer-nolako eliza eredua behar dute gaur egungo gazteek pauso ausart hori emateko? Hori da jorratu behar duguna.

Azkoitiko kristau elkartea, adibidez, gazteengandik gertu bizi da. Gertuko apaiz jatorrak izan ditugu beti herrian; salestarrak hor daude, gaztez inguraturik. Egia da Jesusen jarraitzaile izatea ez dagoela modan, eta konpromiso sakona eskatzen du… Hala ere, Elizak egungo gazteak hobeto entzun eta ulertzeko ahaleginean jarraituko du.

  • Zeintzuk dira Elizaren egungo erronka nagusiak?

Eliza osasuntsu dagoela esango nuke, baina eredua berritu behar da. Munduan zehar eta herrian lanean jarraituko du, tokian-tokian bizitza, arnasa eta ondare espirituala eta gizatiarra zabaltzen. Azkoitian Jesusen oroimena ez da galduko, hori ziur, eta parrokia ez da museo bilakatuko. Etorkizuna bermatua du Elizak; agian gutxiago izango gara, baina autentikoagoak ere bai.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide