Intza Group-ek bulegoak estreinatu ditu Oinartxoko eraikinean

Maxixatzen.eus 2016ko abe. 14a, 15:36
Intza Group-en bulegoak bisitatu dituzte Javier Zubizarretak eta Ana Azkoitiak.

Lubrifikazio sistemak fabrikatzen dituen Intza Group-ek Oinartxo industrialdera lekualdatu ditu gerentziaren, finantzen eta salmenten departamentuak. Javier Zubizarreta alkateak eta Ana Azkoitia zinegotziak bisitatu dituzte instalazioak, Javier Alberdi enpresako kudeatzaileak eta Iñigo Lonbide finantza zuzendariak gonbidatuta.

 

Enpresak 237 m²-ko gune bat erosi zuen Oinartxoko eraikin komertzialean, eta erabat berritu berri du. Intza Group-ek 42 langile ditu, eta horietatik zortzi langilek estreinatu dituzte bulego berriak, haiek baitira bertan lan egingo dutenak. 

Bisitan azaldu dutenez, Oinartxon gune berria zabaltzeko arrazoi nagusia toki falta izan da, horrela, Ugarteko instalazioetan produkziora bakarrik mugatuko direlako. Baina, horrez gain, Alberdik azaldu du irudi korporatiboa hobetzea ere beste helburuetako bat izan dela: "Lantegi zaharrak ez du gaur Intza Group dena proiektatzen, eta irudia hobetu nahi izan dugu, bide batez, Azkoitira bisitan etortzen zaizkigun bezeroei arreta hobeagoa eskaintzeko", esan du.

Javier Zubizarreta alkateak, berriz, enpresako arduradunak zoriondu ditu Azkoitiko herriaren alde apustu egiteagatik inbertitzerako orduan, eta Udaleko ordezkari gisa, laguntzeko prestutasuna agertu du jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzera bideratutako ekimenetan.

Intza Group honako hauek osatzen dute: Intza, Intza Woerner eta Anitz konpainiek. Guztien artean 5.000.000 euroko fakturazioa dute urtean gutxi gora-behera.

Intzak lan arriskuen prebentzioan aritzen den Premank enpresarekin partekatuko du Oinartxoko eraikin komertziala, azken enpresa horrek ere han duelako delegazioetako bat.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide