Gorka Moreno: "Azkoitira etorri diren etorkinak luzerako etorri dira; ez dira joango, gustatu ala ez"

Maxixatzen.eus 2016ko aza. 23a, 08:55
Argazkian, Ikuspegiko zuzendari Gorka Moreno eta ikertzaile eta kolaboratzaile Maddalen Epelde eta Ongizate zinegotzi Nekane LarraƱaga.

Immigrazioaren Euskal Behatokiak, Ikuspegik, herrian immigrazioari buruz egindako diagnostikoa eta 2016-2019 urteetarako Bizikidetza eta Aniztasun Plana aurkeztu ditu. Erakundearen zuzendari Gorka Morenok eta ikertzaile eta kolaboratzailea den Maddalen Epeldek, Ongizate zinegotzi Nekane Larrañagarekin batera, lanaren ondorio eta proposamen nagusiak azaldu dituzte.

 

Gorka Morenoren hitzetan, diagnostikoak erakusten du Azkoitian egoera modu lasaian bizi dela duela urte batzuekin alderatuz eta “testuinguru aproposa” dela bizikidetza sendotuko duten ekintzak aurrera eramateko. “Ikusten da Azkoitira etorri diren etorkinak luzerako etorri dira. Ez dira joango. Gustatu ala ez, hori da daukagun errealitatea eta kudeatu beharreko egoera”. Bere iritziz, urte batzuk barru “ez dugu immigrazioaz hitz egingo, baizik eta aniztasunaz. Atzerritarren seme-alabak hemen jaiotakoak izango dira, baina neskak beloa eramango dute ikastolara. Hori da aniztasuna, aniztasun erlijiosoa, hizkuntza aniztasuna…”. “Harrera ematetik integraziora pasa gara”.

Azkoitian atzerriko nazionalitatea dutenak biztanleriaren %7,7 dira, alegia, 889 lagun. Espainiar nazionalitatea duten baina atzerrian jaiotakoak direnak kontutan hartuz gero, portzentaia %8,3koa litzateke. “Kopuruak Gipuzkoako eta Euskadiko datuekin oso parekatuta daude”, esan du Nekane Larrañaga zinegotziak.

Diagnostikoak agerian utzi du halaber atzerritarren eta bertakoen arteko harremanak mugatuak direla eta emakume atzerritarra oso isolatua dagoela sozialki. Gainera, Azkoitian nagusitzen diren kolektiboak pakistandarrak eta magrebtarrak dira, eta horiek gizatalde ahul edo zaurgarriagoak dira beste talde batzuekin alderatuz, esaterako, latinoamerikarrak edo europarrak. “Arazo handiagoak dituzte lan munduan sartzeko, besteak beste, hizkuntzagatik. Etorkinen artean ere desberdintasunak nabariak dira jatorriaren arabera”. Horrek azaltzen du zergatik Euskadin Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren onuradunak %63,9 bertakoak diren eta aldiz, Azkoitian, erdiak pasatxo atzerritarrak, hain zuzen, %52,4.

Ikuspegik lan hau herriko eragile sozialekin  egin du.

Bizikidetza eta Aniztasun Plana 2016-2019

Egungo errealitatearen erradiografia egiteaz gain, Ikuspegik hainbat proposamen bildu ditu 2016-19 urteetarako Bizikidetza eta Aniztasun Planean. “Plana xumea da eta bere bideragarritasuna eta malgutasuna hartu ditugu kontutan”.

Ekintzak diskriminazio instituzionala, estrukturala eta interpertsonala desagerreraztera bideratuta daude, pertsona guztiei berdintasunezko tratua bermatzeko.

Proposamenen artean aurkitzen dira Udalaren eta Lanbideren arteko koordinazioa hobetzea, ikastetxeekin elkarlanean jarraitzea, ondo baloratzen diren Mundukoloreak eta Euskera Plus bezalako programekin segitzea, elkarteen sorrera bultzatzea, formakuntza indartzea, zurrumurruei aurre egingo dien ekintzak sustatzea edo “Bizilagunak” bezalako programetara atxikitzea, besteak beste.

Diagnostikoa eta Bizikidetza eta Aniztasun Plana lantzeko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen Zuzendaritzaren laguntza jaso du. 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide