52 lagun hasi dira produktu fitosanitarioen aplikatzaile txartela ateratzeko ikastaroan

Maxixatzen.eus 2016ko aza. 16a, 14:08
Argazkian, Produktu Fitosanitarioen Aplikatzaile txartela ateratzeko ikastaroko ikasleak.

Nekazaritza sektoreko profesionalek produktu fitosanitarioen aplikatzaile txartela ateratzeko ikastaroan, zehazki, 52 lagun hasi dira. Legeak produktu fitosanitarioen erabiltzaile eta saltzaileak euren ezagutzak akreditatzera behartzen ditu txartel bat eskuratuz. Orain arte, ordea, txartela ateratzeko ikastaroa egin nahi zutenek beste herri batera joan beharra zeukaten, eurek ordainduta. Aurten, lehen aldiz, txartel hori herrian eta doan ateratzeko aukera izan dute herritarrek. 

 

Ikastaroa Hazi Fundazioak eta Azkoitiko Udalak elkarlean antolatutako eta finantzatutako ikastaroa da. Udalak 1.685 euro bideratu ditu ikastarora eta Hazi Fundazioak beste 1.123 euro, bien artean %100ean finantzatuz saio guztiak.

Saio praktikoa: Produktuen aplikazio simulazioak urarekin

Datorren asteartean, hilaren 22an, saio praktikoa egingo dute Trenbidearen Zumardiako zelaigunean, Aizkibel liburutegiaren ondoan. Goizeko 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara izango da. Simulazio ariketak egingo dituzte eta partaideak babesteko maskarak eramango dituzten arren, ez dute produktu fitosanitariorik erabiliko, ura baizik. Udalak hau argitu nahi izan du gune hartatik igarotzen diren herritarrak ez daitezen kezkatu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide