Aste Solidarioa errefuxiatuen errealitatea gerturatzeko

Maxixatzen.eus 2016ko ira. 26a, 09:35
Argazkian, Udaleko ordezkariak eta ekimeneko antolatzaileak.

Hausnarketara eta kontzientziak astintzera animatzen du Garapenean Bidelagun lelopean egingo den Aste Solidarioak. Irailaren 27tik urriaren 1era egingo da aurtengo edizioa, garapen bidean dauden herrialdeen alde lanean ari diren bederatzi elkarte edo Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GKE) parte hartzeari eta ekarpenari esker.

 

GKEen lana azaleratzen eta herritarrak sentsibilizatzen laguntzen du Aste Solidarioak, herriaren aurpegi solidarioena agerian jarriz. Horretarako, elkarteek postuak jartzen dituzte Herriko Plazan eta aurten ere horrela egingo dute urriaren 1ean, larunbata, goizeko 11:00etatik 14:00etara egongo dira hurbiltzen den orori egiten dutenaren berri emateko.

Euren lana erakusteaz gain, ordea, aurten errefuxiatuen errealitatea ezagutzeko gonbitea luzatzen diete antolatzaileek herritarrei. Hitzaldi bat eskainiko da errefuxiatuen egoeraren gainean. Gaia CEAR-Euskadik jorratuko du "Errefuxiatuen egoera. Biztanleriaren mugimendu basatia" izenburupean.

Halaber, Gipuzkoako SOS Arrazakeriak “Errefuxiatu aterpeak” erakusketa jarriko du Torre Zuri aretoan.  Irailaren 27tik urriaren 1era bisitatu ahalko da. Asteguneko ordutegia 18:00etatik 20:00etara bitartekoa izango da. Larunbatean, berriz, goizeko 11:30etik 13:00era bisitatu ahalko da.

Zine proiekzioek ere izango dute tartea: Miguel Alcantud zuzendariaren “Diamante beltzak” eta Jacques Audiarden “Dheepan” filmak izango dira ikusgai.

Azkoitiko Udalaren Ongizate sailarekin elkarlanean, ondorengo elkarteek hartuko dute parte: Acoes, Nava Jeevan-Bizi Berria, AMS Mundu Solidarioa helburu, Bidezko Merkataritza, Behar Bidasoa, Mali Elkartasuna taldea, The Direct Help Fundation-Kathmandu, Gazteak eta Garapena eta Cendis-Cáritas.

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide