Euskaraz publizitatea egiteagatik diru laguntzak jasoko dituzte merkatariek

Maxixatzen.eus 2016ko ira. 13a, 07:00
Argazkian, merkatariak eta Udaleko ordezkariak, uda aurretik egindako parte-hartze prozesuan.

Merkatariei eginiko galdetegian emandako erantzunak aztertu ostean, Udalak bi berrikuntza gauzatuko ditu. Batetik, publizitatea euskaraz egiteagatik diru laguntzak emango ditu eta bestetik, sare sozialen inguruko ikastaro bat antolatuko du merkatarientzat. Eskaerak egiteko azken eguna urriaren 31 da.

 

Establezimenduek aukera izango dute diru eskaera egiteko errotulua, irudi korporatiboa edo webgunea euskaratuz gero. Gainera, programa informatikoak euskaratzeagatik ere jaso daiteke diru laguntza, besteak beste. 

Diru laguntzen inguruko berri zuzena jasotzeko, Udalak uda aurretik diptikoak banatu zituen establezimendu guztietan. Banaketa bera jarraipena egiteko aprobetxatu zen, esaterako, merkatariek lehenengo hitza zein hizkuntzatan egiten duten jasotzeko informazio gisa.

Sare sozialak

Diru laguntzez gain, merkatariek sare sozialen erabileraren inguruko ikastaroa eskatu zieten Udalari, adibidez, Facebook salmentak areagotzeko nola erabili erakutsiko zieten ikastaro bat, alegia. Oraindik xehetasunak erabat lotu gabe dauden arren, udazkenean merkatariek aukera izango dute sare sozialetan duten abilezia areagotzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide