Andramaixek 2016

Lajak eta Landakandak botako dute Andramaixetako txupinazoa

Maxixatzen.eus 2016ko uzt. 27a, 09:54
Argazkian, Laja eta Landakanda. / Infernuko Hauspoa.

Azkoitian trikitixak familia zabala du, soinu eta pandero joleak asko dira, baita jarraitzaileak ere. Denek eman die izena eta izana trikitixari. Herriz herri, kalez kale eta plazaz plaza ibilitakoak, dabiltzanak eta ibiliko direnak mordoa dira. Guztien lana txalotu nahi izan du Udalak, eta trikitiak bete duen funtzio soziala oroitzeko, herriko trikitixaren historian aitorpena merezi duen erreferentziazko bikote bati emango dio Andramaixetako txupinazoa botatzeko aukera: Lajari eta Landakandari, alegia.

 

Lajak eta Landakandak "herritarrak dantzan jartzen" gau eta egunak eman dituztela azaldu du Udalak, eta hori ez dela "meritu makala". Asko dira soinua eta panderoa astindu dituztenak Azkoitian, eta Udalak guztiekin partekatu nahi izan du festei hasiera emateko unea, trikitilari, pandero-jole, dantzari eta trikitia maite duten guztiekin. Duten ibilbidearengatik, aurten Laja eta Landakanda igoko dira udaletxeko balkoira, baina trikitilari diren eta sentitzen diren guztiek udaletxeko ateak zabalik izango dituztela jakinarazi du Udalak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide