Hazilan proiektuan parte hartzen ari diren gazteekin bildu dira Azkoitiko eta Azpeitiko alkateak

Maxixatzen.eus 2016ko uzt. 19a, 11:31

Hazilan proiektuko parte-hartzaileak.

Iraurgi Berritzenen koordinaziopean, Hazilan proiektua garatzen ari dira eskualdeko Udalak, eta proiektu horretan parte hartzen ari diren gazteekin bildu dira Javier Zubizarreta eta Eneko Etxeberria, Azkoitiko eta Azpeitiko alkateak. 

 

Hazilan 20 eta 35 urte bitarteko gazte kualifikatuei zuzenduriko egitasmoa da. Helburua da gazteen enpleagarritasuna hobetzea eta lan munduan txertatzeko baliabideak eskaintzea. Guztira hamabost gaztek hartu dute parte “Aktibatu” deritzan programaren lehenengo fasean, eta, orain, bailarako enpresetan praktikak egiteko aukera izango dute. Gazteen artean, zazpi azkoitiarrak dira, beste hainbeste azpeitiarrak eta bat zestoarra.

Herri bietako alkateek hartu-eman zuzena eduki nahi dute gazteekin, eta haien ahotik entzun nahi dute zer nolako balorazioa egiten duten proiektuaz, zeintzuk diren dituzten beharrak eta udal gisa zer egin daitekeen enplegua sustatzeko.

Javier Zubizarreta alkateak honako mezu hau zabaldu die gazteei: "Ez etsi, iritsiko da zuen momentua eta ez bururik makurtu nahi duzuena lortu arte". 

Zubizarretak eta Etxeberriak duten kezka nagusia enplegua dela adierazi diete, eta "ahaleginak eta bi" egingo dituztela ahal duten neurrian gazteei laguntza emateko.