Baratzan Dantzan: "Gutako familia bakoitzak barazkiak jateko konpromisoa hartzen du"

Maxixatzen.eus 2016ko uzt. 14a, 09:12

Garaiko elikagaiak, kalitatezkoak eta osasuntsuak kontsumitzeari garrantzia ematen diote kontsumo taldeko bederatzi azkoitiarrek. 

 

Aitzol Sudupe (1975) bertako kideetako batek azaldu du barazkiak ekologikoak izatea dela hasieran taldera batzeko arrazoi nagusia. Bere kasuan, ekoizle bati laguntzeagatik eta baserria bitartekaririk gabe eramaten laguntzeagatik ere eman zuen izena: "Gure filosofiaren oinarria, garaian garaiko produktu sanoa kontsumitzeaz gain, hemengo baserritarrari baratzetik soldata duin batekin bizi ahal izaten laguntzea da". Guztiek elikagaien gaineko kontrola berreskuratu asmo dute, garaian garaiko produktu ekologikoak kontsumituz eta lekuko nekazaritza babestuz. Bestalde, gertuko harremana dute baserritarrekin, eta modu horretan badakite zer egongo den hurrengo saskian. 


Urtebeterako konpromisoa daukate Beizamako baserritar batekin; taldearen helburua da azkoitiar ekoizle bat bilatzea etorkizunerako. Hilero 70 euro ordaintzen dute, eta hilean lau otarre jasotzen dituzte. "Udaberrian eta udan otarre beteagoak izaten ditugu, eta beste poz bat ematen du", esan du Sudupek. "Garaian garaiko elikagaiekin nahiko aukera zabala osatzen da, baina guk gure gustuko produktuekin osatutako otarrea planifikatzen dugu, eta maiztasuna ere guk erabakitzen dugu". Otarrean egoten diren produktu ohikoenak hauek dira: azenarioa, tipula, porrua, kalabaza, aza, espinakak eta zerbak, besteak beste. Horiez gain, ekoizleak berak arrautzak eta ogia ere ekartzen ditu. Gainera, egitasmo horren oinarrian barazkiak egon arren, beste jaki batzuen ekoizleekin ere badute harremana. Esaterako, laranjak, olioa eta okela ekologikoak ere izaten dituzte noizbehinka. 


"Barazkiak norberak erosi behar izanez gero, dendara propio joanda, erdia jaten da", esan du Estefan Urbieta (1995) taldeko beste kide batek: "Gutako familia bakoitzak konpromisoa hartzen du barazkiak jateko. Dieta edo jateko ohiturak aldatu egiten dira, eta osasuntsuagoak hartu. Dinamika batean sartzen gara: derrigor barazkiak kontsumitu behar dituzu". 


Produktuen prezioaz galdetuta, otarrea hartzeak konpentsatzen duela dio Aintzira Oñederrak (1984). "Supermerkatuan, letxuga bat 0,30 zentimo ezin da ordaindu; niri horrek ez dit konfiantzarik ematen", dio. "Almeriatik etorriko da ziurrenik, eta toxikoak botako dizkiote distiratsu egoteko", gaineratu du. "Ondo dago produktu baten truke balio duena ordaintzea". Bestalde, osasunarekin harreman zuzena izatea zaila dela uste du, baina jateko orduan kalitatea antzematen dela dio: "Zaporean eta freskotasunean antzematen da produktu freskoak direla; aurreko egunean jasotakoak izaten dira. Gainera, otarreen bidez lanpostu bat sortzen dugu gertuko jendearentzat, eta baserri bat bizirik mantentzen dugu. Gaur egun oso zaila da baserritik bizitzea, eta jende gazteari aukera bat ematen diogu hortik bizitzeko", azaldu du Oñederrak.