Joseba Beristain: "Izendatuta egotea saria da niretzat, baina irabazten badut, askoz hobe"

Maxixatzen.eus 2016ko eka. 22a, 08:55
Argazkian, Joseba Beristain lan baterako grabaketa saioan.

Joseba Beristain (Azkoitia, 1978) Malagako BSOSpirit festibaleko Jerry Goldsmith sari internazionala irabazteko hautagaietako bat da. Hamaika kategoriatako sariak banatzen dira zinema festibal horretan, eta azkoitiarra film luzeen kategoriako hautagaietako bat da The Plot Point filmaren soinu-banda egiteagatik. Sariak uztailaren 1ean banatuko dituzte, Malagan.

 

Zein izan da orain arte egin duzun ibilbidea? Zertan ibili zara?
Ni aspalditik ari naiz ikus-entzunezko lanetako musika sortzen: film laburretarako, publizitate lanetarako, dokumentaletarako eta pelikuletarako. Ordea, film luzeetara iristea zaila izaten da. Lehendabizi laburrak egiten hasi behar izaten dugu normalean, eta hurrengo urratsa, zailena, film luzeetara jauzia egitea izaten da. Laburrak landuz kontaktuak egin ditut; film luzeetarako inork ez bazaitu ezagutzen, zaila izaten baita iristea.

 

Zein da filmeko zuzendaria? Ezaguna da?

Bilbon bizi den Elbio A. Nielesen argentinarra da filmaren zuzendaria. Bere aurreneko filma da. Pelikulako muntatzaileak, Jose Miguel Villaltak, nik Bilboko Euskal Herriko Zinema Eskolarako egin nuen iragarkia ikusi zuen. Presaka egindako lana izan zen, baina muntatzaileari asko gustatu zitzaion nik egindako lana, eta hortik egin dugu lotura.

 

Zuretzat egin berri duzun lana erakusleiho bat bezala da?

Denak ez, baina norberaren aurkezpen txartelik onena aurrez egin duzun lana da. Gaur egun, gainera, Interneten zerbait jartzen baldin baduzu, onerako zein txarrerako, norberaren aurkezpen txartela jartzen duzu.

 

Noraino iristea da zure ametsa?

Ez dakit. Lanak egiten jarraitzea da nire asmoa, eta pausoz pauso gauza sendoak egin nahi ditut. Nire helburua filmetarako lan egitea da. Hori da gustatzen zaidana, eta uste dut hori dela nire dohainik handiena. Hala ere, diru aldetik hori da alorrik zailena. Konpetentzia handia dago, jende asko dago sartuta mundu horretan. Gaur egun erraza ordenagailu batekin eta gutxiengo gustuarekin, gauzak txukunak egiten ikastea. Bestalde, zinema industria nahiko gaizki dago: lan gutxi dago, eta lan gutxi horiek ia beti jende berdinak hartzen ditu, eta ez da erraza film potoloetarako musika egitea. Hala ere, ez dut presarik. Nahiago dut pixkanaka ondo hastea, kolpetik presaka eta gaizki egitea baino.

 

Zein dira orain arte egindako lanik ezagunenak?

Lan ezagunenen artean Fagorreko ontzi-garbigailuentzat egindako iragarkiarentzako musika izan zen. Telebistan jarri zuten orain urte batzuk. Gerora, TVEko Viviendo el mar saiorako sintonia ere egin nuen. Hura astelehen gaueko ordu bietan ematen zuten, eta jende askok ez zuen ikusten, nahiz eta gero larunbatetan errepikatuta ematen zuten. Horiez gain, Eusko Jaurlaritzako Turismo bulegoak egin zuen iragarki baterako ere egin nuen musika, eta baita Iban Garate protagonista zen Mystikal filmerako ere.

 

 

Nola sortzen dituzu doinu horiek?

Nik pianoa dut etxean, eta nire pianoarekin sortzen ditut. Pianoa ordenagailura konektatzen dut eta nahi dudan soinua ateratzea lortzen dut: biolinaren soinua, pianoarena... Baina oinarri bezala pianoa edo teklatua erabiltzen dut. Beste kasu batzuetan, berriz, musikariak hartzen dira grabatzeko edo ordenagailuarekin egiten da; diruaren arabera.

 

Nolatan sartu zinen mundu horretan?

Musika munduan betidanik ibili naiz, Bizkargi Musika Eskolan hasita. Zinema ere betidanik gustatu izan zait, eta baita filmen musika ere. Oroitzen naiz 16 urte nituela-edo, Baztartxo antzokian film bat ikusi eta etxera itzulitakoan, filmaren musika jotzen nuela pianoarekin. Horrela hasi nintzen. Gero Dibulitoon Irungo ekoiztetxearekin bi film labur ere egin nituen, eta orduan ekoiztetxe berdinak gidatutako Mystikal filmerako deitu zidaten.  

 

Sariak Malagan izango dira.

Bai. Lehenik Ubedan (Jaen) ematen ziren, gero Kordoban eta orain Malagan. Malagako zinema festibalarekin dago antolatuta, erdizka bada ere. Saria MOSMA (Movie Score Malaga) izeneko soinu-banda jaialdian emango dute, Malagako zinema festibalaren baitan. Goldsmith sariak hasi zirenean garrantzia gutxikoak ziren, baina orain mundu mailakoak izatera pasatu dira. Hazten ari diren konpositoreentzat edo mundu horretan sartu nahi dutenentzako da. Izena duten konpositoreek ezin dute lehiaketa horretan parte hartu.

 

Egin berri duzun lanaren emaitzarekin gustura gelditu al zara?

Nahiz eta sorkuntza prozesuan beti egoten diren gorabeherak, gustura gelditu naiz. Hor bada konpositore ezagun baten esaldia asko gustatzen zaidana: Konposatzea soka batetik tira egitea bezala da: badakizu bukaeran zerbait dagoela, baina ez dakizu non dagoen. Beraz, tira eta tira egin behar duzu, agertu arte.



Zer da zuretzat musika?

Funtzio asko betetzen ditu musikak nire bizitzan. Askotan, bizitzarako laguntzaile bat izaten da. Beste batzuetan, lana. Hurrengoan, zirrara sortzen duena... Hala ere, zenbat eta musika gehiago egin, orduan eta musika gutxiago entzuten dut. Lehen musika pila bat entzuten nuen, bereziki filmen soinu-bandak. Orain, aldiz, gutxiago, baina ez naiz aspertzen.

 

Espero al zenuen finalistetako bat izatea?

Nahi nuen, espero nuen edo ez, ez dakit. Lana neuk entregatu nuen duela egun batzuk. Urtero ospatzen den jaialdia da, eta urtero entregatu izan dut lanen bat. Gainera, aurtengoa nire hirugarren izendapena da. Film laburrengatik izendatu ninduten aurreko bi edizioetan, eta orain film luzeetan izendatuta nago. Kategoria batzuk beste batzuk baino garrantzi gehiago dute, eta film luzeen maila garrantzizkoenetako bat da. Izendatuta egotea niretzat sari bat da, baina irabazten badut, askoz hobe.

 

Izendapen hori lan berriak sortzeko errazagoa izango dela uste duzu?

Ez dakit. Ate gehiago zabaltzeko, mundu honetan dabilen norbaitekin lana egin behar da, gustura lan egin, eta norbait horrek beste pertsona bat ezagutzen badu, hobe. Horrek irekitzen ditu bideak, kontaktuak egiteak. Leku guztietan saiatuko gara zabaltzen izendapen hori, baina, ez da erraza izaten.

 

Zenbat iraun lezake gisa horretako lan bat egiteko prozesuak?

Azken hori egiteko 500 ordu behar izan ditut. Orain arteko lanik luzeena izan da. Filma ordubete eta 40 minutukoa da, eta nire musikak ordubete hartzen du filmean. Musika ondo entzun behar da, perfekzionista naiz horretan. Nahiz eta konposizio lan ona egin, soinua txarra baldin bada, alferrikakoa da. Ikus-entzunezko lana egiten baduzu, bai soinuak eta bai irudiak ondo lotuta egon behar dute, eta soinuaren papera funtsezkoa da nire kasuan.

 

Etxea grabaketak egiteko prestatuta al duzu?

Bai. Lana egin ahal izateko nire ordenagailua, bozgorailuak eta teklatua behar izaten ditut. Hala ere, etxean oso gutxi grabatzen dut. Leku txikia da, eta bizilagunak ere ez ditut molestatu nahi. Dirua baldin badago, estudioetara joaten naiz grabazioak egitera, eta bestela, ahal dena aurkitu behar izaten dut. Nire gela ondo girotuta dut, etxe barruko soinua hobea izan dadin, baina hotsgabetu gabe dut.

 

Beste lanen bat egiteko eskaintzarik jaso al duzu?

Bai. Umeentzako animazioko film baterako ari naiz lanean orain. Gero eta okupatuago nago. Beste film bati ere ezetza eman behar izan diot, biak egun bererako amaitu behar baitziren. Aukeraketa egin behar izan dut. Hori ez da eguneroko gauza izaten.

Hemen Joseba Beristainen webgunea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide