Eibarko Hizkuntza Eskola Ofizialeko gela desplazatuak jarriko dituzte Azkoitian

Maxixatzen.eus 2016ko eka. 2a, 14:42

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailarekin negoziaketetan ibili ondoren, datorren ikasturterako Eibarko Hizkuntza Eskolak gela desplazatuak eskaini nahi dira Azkoitian. Hasiera batean, eta lehenengo saiakera gisa, ingeleseko erdi mailako eskaintza emango litzateke. Udala proiektua martxan jarri ahal izateko lanean ari da, eta irailerako eskaintza bat ireki nahi du.

 

Azterketak ere Azkoitian bertan

Hasiera batean, helduentzat ingelesa eskaintzeko asmoa da (16 urtetik gorakoentzat) eta ikasleek azterketak Azkoitian bertan egiteko aukera izango lukete. Klaseak emateaz gain, ikasleek Hizkuntza Eskola Ofizialeko azterketak ere Azkoitian bertan egingo lituzkete.

Gaur egun, 150 bat lagun joaten dira Eibarko eskolara Azkoitia eta ingurutik.

Udalak gela desplazatuak Gaztanenean kokatuko ditu, eta horretarako gelak egokituko ditu, ikasketa gelak eta multimedia gunea jartzeko.

Dimentsio zabalagoa

Udalaren nahia da eta horretarako jarraituko du lanean, proiektuak dimentsio handiagoa hartzea urtez urte eskaintza hobetuz, baliabideak gehituz eta teknologia berriak erabiliz.

Alegia, Hezkuntza sailarekin ekindako elkarlanari eutsita eta baita bide propioak ahalbidetuz, esaterako, auto-ikaskuntzarako ordenagailuak eta programak jarriz, hizkuntza desberdinetako materiala eskainiko duen liburutegia sortuz, e.a.

Matrikula irailean online

Interesatuek matrikula irailean egin beharko dute, orduan zabaltzen baita matrikula epea hizkuntza eskola guztietan. Eskola Ofizialeko matrikulazioa online egiten da modu bateratuan hizkuntza eskola guztietarako bakarra. Kontuan izan behar da plazak mugatuak izaten direla, hau da, eskaerak gehiago izan ohi dira eskaintzen diren plazak baino.

Matrikula epea irailean zabaltzen bada ere ikasle ofizialentzat, hau da, klaseetara joan nahi dutenentzat, otsailean, ikasle “libreentzat” beste matrikula epe bat irekitzen da, alegia, bere kabuz ikasketak egin arren azterketak Hizkuntza Eskola Ofizialean egin nahi dituztenentzat.

Zehaztapen gehiago emango dira ekainaren amaieran eta uztailean. Eibarko Hizkuntza Eskolako web orrian eta Udalaren web orrian eskaintzen diren plazen berri emango da.

Gipuzkoa osoan bost zentro daude gaur egun: Irunen, Donostian, Eibarren, Ordizian eta Tolosan, hain zuzen. Euskal Autonomia Erkidego osoan 14 egoitza daude. Beste inon ez dago gela desplazaturik, Azkoitian eskaini nahi dira   lehenengo aldiz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide